Mundua -
Ukraina
Bruselak Ukrainari Europar Batasunean sartzeko hautagai estatusa ematea proposatu du, baina baldintzekin
Bruselaren gomendioak eta argudioak oinarri izango dira ekainaren 23an eta 24an estatuburuen eta gobernuburuen artean egingo den goi-bilerako eztabaidarako.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Batzordeak Ukrainari Europar Batasunean sartzeko hautagaiaren estatusa ematea proposatu du ostiral honetan, nahiz eta bere irizpenean hainbat baldintza ezartzen dituen.
Ukrainaren eskaera denbora errekorrean aztertu ondoren, Europako Gobernuak aldeko irizpena eman du estatu kideei hautagai estatusa ematea gomendatuz, Frantziak eta Alemaniak Kievera egindako bisitan hautagai estatusa emateko erabateko babesa adierazi eta hurrengo egunean.
Bruselaren gomendioak eta argudioak oinarri izango dira ekainaren 23an eta 24an estatuburuen eta gobernuburuen artean egingo den goi-bilerako eztabaidarako. Bilera horretan, Ukraina klubean sartzeko eskaerari zer erantzuten dioten ez ezik, Georgia eta Moldaviari ere zer esango dieten erabakiko dute Hogeita zazpi herrialdeek.
Europako liderren eztabaida horretan zehaztuko dira baldintza horiek, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen hitzetan. Hori bai, Hogeita zazpiek Ukrainako hautagaiaren estatusari buruz hartzen duten edozein erabaki aho batez hartu beharko dute.
Bruselak denbora errekorrean egin du bere irizpena; hilabete batean ia urtebete eman ohi duen iritzia eman du. Ukrainako agintariek ere aurrekaririk gabeko arintasunez erantzun diete galdetegi teknikoei. Ukrainak bere atxikimendua eskatu zuen joan den otsailaren 24an Vladimir Putinek agindutako inbasio errusiarraren ondoren.