Mundua -

Frantziako hauteskundeak

Macronen koalizioak irabazi ditu Frantziako hauteskundeak, baina gehiengo osoa galduta

Hauteskunde legislatiboen emaitzek kolpe historikoa suposatu dute Macronentzat. Ezkerrak, berriz, ordezkaritza bikoiztu egin du Asanblea Nazionalean. Gainera, Le Pen ultraeskuindarrak hazkunde esanguratsua lortu du, 8 eserlekutik 89ra igaro baita.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, igande honetan. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, igande honetan. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, igande honetan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botoen % 97 zenbatuta, Frantziako Asanblea Nazionala osatzeko bigarren itzulian, 222 eserleku eskuratu ditu Emmanuel Macronen Ensemble koalizioak, gehiengo osorako behar den 289 eserlekuko kopurutik urrun.

Bigarren indar politikoa Herri Batasun Ekologiko eta Sozial Berria (NUPES) litzateke, 156 eserleku lortuko lituzkeena, eta Biltzar Nazional talde ultraeskuindarrak 89 eserleku lortuko lituzke. Errepublikanoen alderdi kontserbadoreak eta bere aliatuek, berriz, 78 postu lortuko lituzkete.

Frantziako Asanblea Nazionalak 577 eserleku ditu guztira, eta, beraz, beharrezkoa da 289 eserleku batzea gehiengo osoa bermatzeko.

Jean-Luc Melenchon ezkerreko koalizioko liderrak emaitzen berri izan ostean adierazi duenez, "Macronen porrotaren" erakusle dira ororen gainetik, eta "garaipena" suposatzen dute haren taldearentzat. Ezkerrak ordezkaritza bikoiztu du Asanblea Nazionalean.

Bestalde, Marine Le Pen ultraeskuindarrak hazkunde esanguratsua lortu du, 8 eserleku izatetik 89 izatera igaro baita. Hauteskunde legislatiboetan eskuin muturrak inoiz lortutako emaitzarik hoberenetan, Le Penek baietsi du Emmanuel Macron "presidente minoritario" bilakatzea izango duela lehen helburu, Asanbleako hirugarren indar politiko gisa.

Macronen gobernuaren lehen balorazioa

Gobernuaren egoitzatik egindako lehen adierazpen ofizial batean, Elisabeth Borne lehen ministroak ohartarazi du "inoiz ikusi gabeko" egoera batean dagoela herrialdea eta "arrisku bat" dela Frantziak dituen erronka handiekin. 

"Egoera arrisku bat da gure herrialdearentzat ditugun nazio zein nazioarteko erronkak kontuan hartuta. Baina botoa errespetatu behar dugu eta ondorioak atera", azpimarratu du. 

Borneren hitzetan, Macronen koalizioak, Asanblada Nazionalean duen "nagusitasuna" tarteko, "erantzukizun zehatza" hartu beharko du bere gain, eta, hala, iragarri du "bihartik aurrera ekiteko gehiengo bat sortzeko lan egingo" dutela, norekin egingo duten argitu ez badu ere. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Frantzia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak Frantzia Frantziako presidentea azken ordukoa Frantziako Gobernua gaur