Mundua -
AEBak
Armen inguruan bi alderdiek adostutako lege-proiektuak lehen bozketa gainditu du AEBko Senatuan
Hamarkadetako lehen ekimen garrantzitsuena da, eta errifle erdiautomatikoak erosteko adina 18 urtetik 21era atzeratzea eta arma-trafikoagatik eta iruzurrezko salerosketagatik delitu berriak ezartzea aurreikusten du. Testuak beste bi bozketa garrantzitsu gainditu beharko ditu AEBetako Senatuan.
Agentziak | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuetako Senatuak arma-segurtasunari buruz bi alderdiek (errepublikanoak eta demokratak) adostutako lege-proiektu berria aurkeztu berri du astearte honetan, eta aurrera egin du lehen bozketan. Aurrerapauso garrantzitsua da, izan ere, hamarkadetako lehen neurri garrantzitsuena da tentsio handiko giro politiko batean eta azken tiroketa hilgarrien ostean herrialdea astindu izanaren erdian datorrena.
Lege proiektuak beste bi bozketa garrantzitsu gainditu beharko ditu AEBko Senatuan, CNN telebista kateak jakitera eman duenez, eta aste honetan bertan egin litezke horiek.
Lege-proiektuak hainbat neurri jasotzen ditu, hala nola errifle erdiautomatikoak erosteko adina 18 urtetik 21era igotzea, edukiera handiko munizioak elikatzeko gailuak inportatzea, saltzea, fabrikatzea, transferitzea eta edukitzea debekatzea, eta arma-trafikoagatik eta iruzurrezko salerosketagatik delitu berriak ezartzea.
Chuck Schumer Senatuko gehiengoaren buruak bi alderdien arteko negoziatzaileak goraipatu ditu astearte gauean, eta Senatuaren osoko bilkuran esan du lege-proiektua "aurrerapausoa" dela eta "bizitzak salbatuko" dituela; "nahi dugun guztia biltzen ez duen arren, premiazkoa da legea".
"Ahalik eta azkarren igaroko gara azken onarpenera. Espero dut lege-proiektua aste honen amaieran onartzea Senatuan", adierazi du Schumerrek.
Bestalde, Mitch McConnell errepublikanoak esan duenez, "Cornyn senatariak eta gure lankideek egindako lege-proiektuaren testua babesten" du. Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak ekainaren hasieran onartu zuen herrialdeko armen legeak gogortzen zituen lege-proiektu bat, New Yorken eta Texasen izandako bi tiroketa masiboei erantzuteko.
Armak edukitzeari buruzko eztabaida berriro piztu zen AEBn, maiatzean gertatutako bi tiroketa masiboen ondorioz. Lehenengoan, Bufalon, supremazista zuri batek arraza beltzeko 10 pertsona hil zituen maiatzaren 15ean. Handik egun gutxira, maiatzaren 24an, berriz, 19 haur eta bi hezitzaile tiroz hil zituen Uvalden, Texasen, 18 urte bete berri zituen gazte batek.