Mundua -

estatu batuak

AEBko Gorenak armak publikoki eramatearen aldeko epaitza eman du

Orain arte, suzko armak edukitzeko eskubidea babesten zuen Konstituzioak, baina eremu pribatuan eta norberaren defentsarako soilik.

Estatu Batuetako Justizia Auzitegi Gorena. Argazkia: EFE
Estatu Batuetako Justizia Auzitegi Gorena. Argazkia: EFE
Estatu Batuetako Justizia Auzitegi Gorena. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak konstituzionaltzat jo du ostegun honetan armak publikoki eta etxetik kanpo eramatea, Bigarren Zuzenketaren barruan, aldeko sei botorekin eta aurkako hirurekin.

Orain arte, suzko armak edukitzeko eskubidea babesten zuen Konstituzioak, baina eremu pribatuan eta norberaren defentsarako soilik. Hain zuzen ere, bertan datza ñabardura.

Etxetik kanpo armak ezkutuan eramateko baimen bat izatera behartzen duen New Yorkeko estatuko lege batekin lotuta dago kasua. Hala ere, legediak dio baimen horren eskatzaileek justifikazio berezi bat azaldu behar dutela, babesteko desiratik harago.

Eskatzaileen arabera, legediko baldintza horrek asko zailtzen zuen baimena eskuratu ahal izatea, eta horrek mugatutako pribilegio bilakatzen zuen Bigarren Zuzenketa, eta ez konstituzio eskubide.

Auzitegiak arrazoia eman die, baina atea ireki die estatuei, armak eramateko bestelako mugaketak ezar ditzaten, besteak beste; hatz-markak hartzea, aurrekariak edo buruko osasuneko sintoma klinikoak.

Brett Kavanaugh epaile kontserbadoreak adierazi duenez, New Yorkeko legea "problematikoa da, hautazkotasun mugagabea ematen dielako baimenak emateko ardura duten funtzionarioei, eta defentsa propioaz gaindiko behar bereziren bat frogatu dezaketenei bakarrik balioztatzen dizkielako baimenak (...) herritarrei babeserako arma bat eramateko eskubidea ukatuz".

Aldiz, Stephen Breyer epaile demokratak ezezko jarrera azaldu du, eta indarkeria armatua bitarteko izan duten azken gertakarietako batzuk aipatu ditu, esate baterako, Uvaldeko (Texas) lehen hezkuntzako eskolako sarraskia edo Buffalon (New York) berriki izandako tiroketa.

New Yorkeko legediari eragiteaz gain, epaitzak beste estatuetako antzeko legedietan ere eragin dezake, besteak beste, California, Delaware, Connecticut, Hawaii, Maryland, Massachusetts edo New Jerseykoetan. Aipatutako estatuek ahalmen handiagoa ematen diete funtzionarioei gisa honetako eskaera bereziei uko egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak New York argazkiak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea