Mundua -

Koronabirusa

Covid-19aren kontrako txertoek 20 milioi heriotza saihestu zituzten munduan 2020 eta 2021 bitartean

COVAX ekimenarekin babestutako herrialde txiroetan 7,5 milioi heriotza saihestu ziren, baina ikerketa batek ondorioztatu du Munduko Osasun Erakundeak ezarritako txertaketa helburuak bete izan balira, galdu diren 5 biziko 1 salbatuko zela.

Afrikako 31 herrialdek milaka heriotza saihets zitzaketen MOEren helburuak beteta. EFE
Gizon bat covid-19aren kontrako txertoa jasotzen, Zimbabwen.
Afrikako 31 herrialdek milaka heriotza saihets zitzaketen MOEren helburuak beteta. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren aurkako txertoek mundu mailan izandako eraginaren inguruko lehen ikerketaren arabera, inokulazioek gerta zitezkeen 31,4 milioi heriotzetatik 19,8 saihestu zituzten pandemiaren lehen urtean (2020ko abendutik 2021eko abendura).

The Lancet Infectious Diseases aldizkari zientifikoan jasotako ikerlanaren arabera, ia 20 milioi heriotza horietatik 7,5 milioi COVAX ekimenarekin babestutako herrialde pobreei dagozkie. COVAX txertoak modu berdinzalean banatzeko ekimena da, eta batez ere diru-sarrera txiki eta ertainak dituzten herrialdeak ditu jomuga. Dena dela, COVAXek berak ezarritako helburua (hainbat herrialdetan biztanleriaren gutxienez % 20 babestea) ez betetzearen ondorioz, 156.900 heriotza izan dira. Ikerketaren egileen arabera, kopuru txikia da mundu zabalean saihestu diren heriotza guztiekin alderatuta, baina gehienak (132.700) Afrikako 31 herrialdetan ekidin zitezkeen. 

Munduko Osasun Erakundearen (MOE) txertaketa helburuak bete izan balira (herrialde bakoitzean biztanleriaren % 40 bi dosi baino gehiagorekin babestea), bestalde, 599.300 bizi salbatuko lirateke.

Oliver Watson Londresko Imperial Collegeko mediku eta ikerlanaren egile nagusiaren esanetan, "gure emaitzek agerian utzi dute milioika bizi salbatu direla txertoei esker. Dena dela, gehiago egin zitekeen. MOEren helburuak bete izan balira, herrialde pobreetan izan diren bost heriotzetatik bat saihets zitekeen"

Txertoak oso arin egin eta banatu badira ere, lehen inokulazioa egin zenetik, 2020ko abendutik, 3,5 milioi pertsona hil dira covid-19ak jota. 

Herrialde aberatsetan, gehiago

Ikerketak ondorioztatu duenez, heriotzen hiru laurdena baino gehiago (% 79, 15,5-19,8 milioi) prestakinek sintoma larriak ekiditeko zuten ahalmenari esker saihestu ziren. Beste 4,3 milioi transmisioaren jaitsierari eta osasun sistemaren karga arintzeari esker ekidin ziren. 

Txertoaren eragina ezberdina izan zen epearen eta lekuaren arabera. Hala, 2021eko lehen zatian, diru sarrera txiki-ertainetako herrialdeetan eragin zuen batez ere (Indian, esaterako). Iazko bigarren zatian, aldiz, diru-sarrera handiko herrialdeetan igarri zen gehiago (murrizketa batzuk kenduta, gora egin zuten kutsatzeek).

Oro har, bizi gehiago salbatu ziren herrialde aberatsetan eta diru sarrera ertainekotan (12,2 milioi/ 19,8 milioi), bereziki azkarrago eta zabalago jardun zutelako. Datu bat horren erakusle: 10.000 biztanleko 2711 heriotza saihestu ziren herrialde aberatsetan; herrialde pobreetan, 66. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea