Mundua -

maroko

Hobiak prestatzen ari dira Melillan hildako migratzaileak Nadorreko hilerri batean ehorzteko

Marokoko Giza Eskubideen Elkarteak berretsi duenez, marokoar autoritateak lanean ari dira, Melillan hildako migratzaileak lurperatzeko.

Sidi Salem hilerriko langileak, Nadorren, hobiak prestatzen. Argazkia: EFE
Sidi Salem hilerriko langileak, Nadorren, hobiak prestatzen. Argazkia: EFE
Sidi Salem hilerriko langileak, Nadorren, hobiak prestatzen. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marokoko Nador hiriko kanpoaldean, Melillarekin mugan, dagoen Sidi Salem hilerriko langileak zenbait hobi prestatzen ari dira igande honetan. Ostiralean Afrikako iparraldeko espainiar hirian hesia gurutzatzen saiatzen ari zirela hildako migratzaileak bertan ehorzteko asmoa daukate agintariek.

Marokoko Giza Eskubideen Elkarteak (AMDH) sare sozialetan argitaratutako irudi batean, kanposantuko langileak ikus daitezke hilerrian hobiak zulatzen, eta hildako migratzaileak bertan ehortziko dituztela baietsi dute.

Segurtasun iturriek EFE agentziari baieztatu diotenez, hori da migratzaileak ehorzteko aukeratutako tokia, eta, lurra emango dieten eguna zehaztu ez duten arren, adierazi dute izapide judizialak osatu behar dituztela lehenik.

EFEk egiaztatu ahal izan duenez, gainerako hilobietatik urrun daude ehorzlekuak. Egun, hamabi hobi daude, horietako erdiak lehenago zulatuak eta, gainontzekoak, igande honetan. Langileek azaldu dutenez, astelehenean hobiak aitzurtzen jarraituko dute.

2.000 pertsonaren Melillara sartzeko saiakerak, azken urteotan erregistraturiko ugari eta bortitzenak, 23 hildako utzi zituen migratzaileen artean, Nadorreko autoritateen arabera. Halaber, dozenaka pertsona eta marokoar agente bat zauritu ziren, eta horietako 18 ospitaleratuta daude, informazio ofizialarekin bat.

Gobernuz Kanpoko Erakundeen arabera, hesian hildako pertsonen kopurua handiagoa litzateke.

Momentuz, marokoar autoritateek ez dute hildakoen jatorriaren ezta jarraituko duten ehorzketa-prozeduraren berririk eman.

Adierazpen bateratu batean, Marokoko eta Espainiako hamar erakunde humanitariok marokoar autoritateei eskatu diete biktimen gorpuzkiak identifikatzeko eta euren familiei itzultzeko migratzaile komunitatearekin lankidetzan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Migrazioa Euskal Herria Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Giza eskubideak Rabat gaur GKEak