Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
50 migratzaile hilda aurkitu dituzte kamioi batean Texasen
Hildako lagunak mexikarrak, guatemalarrak eta hondurastarrak ziren. Kamioiaren atoian bizirik topatu dituzten 16 migratzaileak ospitalera eraman dituzte. Polizia gidariaren bila dabil.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez 50 migratzaile topatu dituzte hilda kamioi baten atoian, Texasko San Antonio hirian. Antza, oxigeno faltagatik eta tenperatura altuen ondorioz zendu dira.
Marcelo Ebrard Mexikoko Atzerri ministroak azaldu duenez, hildako lagunetatik 22 mexikarrak dira, 7 guatemalarrak eta 2 hondurastarrak. Gainerako biktimen nortasunak ez dituzte argitu, oraingoz.
Ron Nirenberg San Antonioko alkateak esan du aurkikuntza "izugarria" izan dela eta gertakaria "giza tragediatzat" jo du. Horrez gain, zehaztu du kamioian beste 16 migratzaile topatu dituztela bizirik, eta denak ospitalera eraman dituztela.
"Ematen du pertsonen trafikoan aritzen den talde baten biktimak direla. Kamioian pare bat egun zeramatzatela uste dugu. Urik eta janaririk gabe zeuden eta laguntza bilatzen saiatu ziren", azaldu du Eric Hightower San Antoniko poliziaburuordeak.
Polizia kamioiaren gidariaren bila ari da. Ikerlariek uste dute agenteek ibilgailua ikuskatu aurretik ihesean joan zela.
Ibilgailua dagoen tokiraino poliziak, suhiltzaileak eta anbulantziak bertaratu dira.
Tokiko hedabideen arabera, atoia aurkitu duten gunean ohikoa izaten da ibilgailuak gelditzea migratzaileak bertan uzteko muga modu klandestinoan zeharkatu ostean.