Mundua -
Italiako atentatua
'Munduarekin haserre dagoen gizona', atentatuaren egilearen profila
Italiako atentatuaren egilea aurkitzeko, ikerlariak kaleko kamera baten irudiak ari dira aztertzen. Baliteke lehergaia urrutiko kontrol baten bitartez eztanda egin izana.
Erredakzioa
Larunbat honetan Italiako institutu baten aurkako atentatuaren egilearen bila dago Polizia. Marco Dinapoli fiskalak prentsaurrekoan azaldu duenez, atentatuaren egilearen profila "munduarekin haserre dagoen gizonezko" batena da. Atentatuaren ondorioz, 16 urteko ikasle bat hil da eta beste batzu larri daude ospitalean.
Ikerlariak institutu honetatik gertu dagoen kaleko segurtasun kamera batek grabatutako irudiak ari dira aztertzen. "Irudiek erakutsi dutenez, lehergaia urrutiko kontrol baten bidez lehertu zuten", azaldu du fiskalak. "Baliteke aparteko gertaera bat izatea edo egileak sarraski bat egin nahi izana", adierazi du.
Zentzu honetan, litekeena da egilea "munduarekin haserre dagoen edo guztien etsaia den gizonezko bat izatea eta atentatu hau amorrua kanporatzeko erabili izana".
Hala ere, ikerlariek ez dute arrazoi ideologikoetan oinarritutako atentatua baztertzen. Dinapoli fiskalak esan duenez, "baliteke egilea ezaguna bihurtu nahi izatea". "Atentatua egin duenak zonaldea eta ikasleen irteera-sarrerak ongi ezagutzen zituen", ondorioztatu du.
Dagoeneko Poliziak bi lagunei hartu die deklarazioa: anarkista bati eta aeronautikako ofizial ohi bati. Bitartean, mafiarekiko susmoak indarra galtzen ari dira.