Mundua -

NATO-REN GOI-BILERA

NATOren Estrategia Kontzeptu berriaren gako nagusiak

NATOk bere ibilbide-orri berrian dio Errusiak Aliantza Atlantiarreko herrialdeen segurtasuna, bakea eta egonkortasuna arriskuan jar ditzakeela.

Jens Stoltenberg, NATOko idazkari nagusia, gaur adostutako dokumentua eskuan duela. Argazkia: EFE
Jens Stoltenberg, NATOko idazkari nagusia, gaur adostutako dokumentua eskuan duela. Argazkia: EFE
NATOk Errusia jo du mehatxu nagusitzat, eta Txina erronka modura ikusten du

01:24

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NATOk bere ibilbide-orri berria adostu du asteazken honetan Madrilen egin duen goi-bileran. Aliantza Atlantiarraren estrategia zehazten duen dokumentua hamar urtean behin berritzen dute, eta bertan jasotzen diren irizpideen arabera hartuko dira gero erabaki politikoak eta militarrak.

Besteak beste, egungo testuinguru politiko, sozial eta ekonomikoan erakundeak izango duen jarrera zein izango den eta erronka ezberdinei nola aurre egin hitzartu dute. Hauek dira, laburbilduta, 16 orrialdeko txostenean aipatzen diren gai nagusiak:

Oinarriak

NATOk berresten du "izaera defendatzailea" daukala eta herrialde aliatuen segurtasuna eta askatasuna bermatzea duela helburu: "Edozein mehatxuren aurrean, defentsa kolektiboa bermatuko dugu". Halaber, norbanakoen askatasuna, giza-eskubideak, demokrazia eta Zuzenbide-Estatua aldarrikatzen ditu.

Errusia, etsai nagusia

Dokumentuan hainbat aldiz aipatzen dute Errusia eta bere nagusitasuna lortzeko mehatxuak nahiz erasoak egin izana egozten dio. Ildo horretan, NATOk salatzen du Errusiak eraso militarrak eta zibererasoak burutu dituela bere helburua politikoak eta ekonomikoak eskuratzeko.

Horrez gain, Errusiako Armada mugan hedatu izanak herrialde aliatuen "segurtasuna eta interesak arriskuan" jarri dituela ohartarazi du. Hortaz, defentsarako bitartekoak indartzea erabaki du NATOk, Moskurekin "konfrontazio zuzena" bilatzen ez duela, eta gatazka elkarrizketaren bidez konpondu nahi duela azpimarratuta.

Arma nuklearrak

NATOk kezka agertu du Errusiak arma nuklear berriak eta modernoak ekoitzi dituelako eta arma horiek erabiltzeko asmoa adierazi duelako.   

Aliantzak uste du badagoela arriskua eragileren batek arma nuklearrak, kimikoak, biologikoak edo erradiologikoak erabili ditzan. Horren erakusgarri jarri du, besteak beste, Errusia, Iran, Siria eta Ipar Korea beren ahalmen armamentista hobetzeko lanean ari direla.

Edonola ere, NATOk dio Aliantzaren segurtasuna bermatuta dagoela, Ameriketako Estatu Batuek duten armamentu nuklearrari esker. Alabaina, aldi berean esaten du arma nuklearrak muturreko kasuetan soilik erabiliko lituzkeela, eta ez du zehazten zein kasutan.  

Gainera, nabarmendu du "arma nuklearrik gabeko mundu segurua" eraikitzea dela bere helburua.  

Txina, mehatxu berria

Lehendabiziko aldiz Txinari aipamen zuzena egiten zaio NATOren estrategiarako dokumentuan. Nazioarteko ordena eta arauak irauli nahi izatea eta herrialde aliatuen segurtasuna eta interesak arriskuan jartzea leporatzen diote Gobernu txinatarrari.

Halaber, herrialde aliatuen kalterako, Internet bidezko erasoak egitea eta desinformazioa zabaltzea egotzi diote. Txinaren helburua sektore teknologikoa, industria garrantzitsuenak eta hornidurak kateak kontrolatzea dela adierazi dute.  

NATOk dio jarrera eraikitzailea izango duela Txinarekiko, baina, era berean, neurriak hartuko dituela herrialde horrek Aliantza Atlantiarra zatitu ez dezan.

Sahel, gatazken iturria

Espainiak eskatuta, lehen aldiz Sahel zonaldearen egoerari ere egin diote aipua. Afrika iparraldeko hamar herrialde sartzen dira erregio horretan: Senegal, Ganbia, Mauritania, Ginea, Mali, Burkina Faso, Niger, Txad, Kamerun eta Nigeria.

Gatazka eta ziurgabetasun zonalde gisa definitu dute, "talde armatu eta erakunde terrorista ugari daudelako".

Ate Irekiak

NATOren zabalkundea "historikoa" eta "arrakastatsua" izan dela adierazi dute, "milioika herritar europarren segurtasuna bermatu dutelako eta bakea eta egonkortasuna ezartzen lagungarri izan delako".

Horrenbestez, NATOren ateak irekita segituko duela azpimarratu dute, "Aliantzaren balioak konpartitzen dituen Europako edozein herrialde demokratiko bertara batu dadin".

Gauzak horrela, Bosnia, Georgia eta Ukraina NATOko kide izateko ateak zabalik daudela berretsi du.

Lehen eguneratzea, 12 urtetan

2010ean eguneratu zuten, azkenekoz, NATOren estrategiarako dokumentua. Garai hartan, Ameriketako Estatu Batuek talibanen aurka eta demokraziaren alde Afganistanen hasi zuten gerran parte hartzen ari ziren herrialde aliatuak.

Estrategia lehenago berritu behar zuten, baina Aliantzako buruzagiek nahiago izan zuten goi-bilera hori ez egitea Donald Trump Etxe Zurian zegoen bitartean; izan ere, Trump oso kritikoa zen NATOrekin eta 2018an AEBak Aliantza Atlantiarretik ateratzeko mehatxua egin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Errusia Espainia NATO Eguneko albisteak Albisteak Madril Errusia-Ukraina gerra