Mundua -
Goi-bilera Chicagon
Afganistanen 2015etik aurrera zer egin aztertuko du gaur NATOk
Aliantzaren tropak 2014 urteko amaiera arte izango dira herrialde horretan.
Erredakzioa
NATOk 2015 urtetik aurrera Afganistanen izango duen zeregina eztabaidatuko du gaur, Chicagoko goi-bileraren azken egunean.
Urte horretatik aurrera, Afganistango misioa txikiagoa izango da eta herrialde horretako Segurtasun Indarrak trebatzea izango du helburu nagusia.
60 herrialdetik eta erakundetik gora (tartean NBE, Europar Batasuna eta Munduko Bankua) batzartuko dira gaur, atzo, lan-afari batean, Afganistango egoera aztertu eta gero.
Gaurko bileran, 2014ko amaieran nazioarteko tropak kentzen hasteko planari babesa agertuko diote, baina Afganistanekiko epe luzerako konpromisoa berretsita.
Aurten, AEBek 23.000 soldadu etxeratuko dituzte, eta Erresuma Batiak 500 inguru.
Obama: "2014an bukatuko da gerra"
Atzo, goi-bileraren lehen egunean, Barack Obama AEBetako presidenteak adierazi zuen Afganistango segurtasuna bermatzeko planak "babes zabala" duela.
"2014an, gerra bukatu egingo da, baina gure adiskidetasunak eta kolaborazioak jarraitu egingo dute", nabarmendu zuen.
AEBetan, gero eta jende gehiago dago Afganistango gerraren aurka, eta hori aurka izan dezake Obamak, azaroko hauteskundeetan karguan jarraitzea jokoan baitauka.
Nolanahi ere, Obamak uste du tropak ezin direla bat-batean joan Afganistanetik, 2015 urtetik aurrera herrialde horretako Segurtasun Indarrak bakarrik utzita, talibanak indartu egingo diren beldur baita.
Misilen aurkako ezkutua
Atzo, Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak iragarri zuen misilen aurkako ezkutua abian dagoela jada, partzialki.
Espainiak lau gerraontzi estatubatuar izango ditu Rotako basean, baina bi herrialdeek ez dute sinatu akordioa oraingoz.
Errusia ezkutuaren aurka agertu da, Moskuren eta Washingtonen arteko oreka militarra hausten duelakoan.
Rajoy Montirekin, Hollanderekin eta Merkelekin bilduko da
Bestalde, atzoko saioan, Mario Monti Italiako lehen ministroak ekainean Erroman Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin eta François Hollande Frantziako presidentearekin egingo duen bileran parte hartzera gonbidatu zuen Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea.
NATOko herrialdeen buruzagiek argazkia egin zutenean, Monti Rajoyri hurbildu zitzaion, besotik heldu zion, eta gonbidatu egin zuen, Madrilgo Gobernuak jakinarazi duenez.