Mundua -
ASIA
Gutxienez 5 pertsona hil eta 44 zauritu dira Iranen, hainbat lurrikararen ondorioz
Richter eskalan 6,1 graduko indarra izan duten bi lurrikarak Hormozgango probintzia astindu dute, eta kalte larriak eragin dituzte. Agintariek uste dute hondakinen azpian harrapatuta geratu diren pertsona guztiak erreskatatu dituztela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez bost pertsona hil eta 44 zauritu dira Richter eskalan 6,1 graduko indarra izan duten bi lurrikaratan Iranen, bertako hedabideek jakitera eman dutenez.
Hegoaldean izan dira lurrikarak, Hormozgan probintzian, goizaldean, eta bereziki Sayeh Khosh herria astindu dute dardarek. Kalte larriak izan dira herri horretan.
"Bost hildako eta 44 zauritu daude Hormozgango lurrikaren ondorioz", jakinarazi du Mojtaba Khalidi Irango Larrialdi Zerbitzuetako bozeramaileak. Gaineratu duenez, 22 zaurituk ospitalean jarraitzen dute, eta gainerakoei alta eman diete.
Mehdi Dusti Hormozgango probintziako gobernadoreak adierazi duenez, hainbat orduz aritu dira lanean erreskate taldeak eta hondakinen azpian ez dago jada inor.
Ia 80 herri argindarrik gabe geratu dira dardaren ondorioz, baina dagoeneko 53 herritan berreskuratu dute argia. Ura moztu behar izan dute, gainera, eskualdean eta hainbat zubi eta errepide kaltetu dira.
Aktibitate sismiko handiko herrialdea da Iran. 2017ko azaroan 7,3 graduko lurrikara batek 620 hildako eta 12.000 zauritu baino gehiago eragin zituen ipar-mendebaldeko Kermanshah probintzian, eta 2003ko abenduan 30.000 pertsona inguru hil ziren hegoaldeko Bam herrian.