Mundua -

Frantzia

Macronek Gobernuaren nukleoari eutsi, eta hainbat ministro baztertu ditu hauteskundeen eta eskandaluen ostean

Ekonomia, Barne Saila, Defentsa, Justizia edo Atzerri sailetako figura nagusiak mantenduko ditu. Hala ere, bortxaketaz akusatutako Damien Abad Elkartasun-ministroa kanpoan utzi du, bai eta azken hauteskundeetan eserlekurik lortu ez zuten Osasun, Energia Trantsizioko eta Itsasoko ministroak ere.

Emmanuel Macron. EFEren artxiboko irudia.
Emmanuel Macron. EFEren artxiboko irudia.
Emmanuel Macron. EFEren artxiboko irudia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Gobernu berria osatuko duten ministroen zerrenda jakinarazi du astelehen honetan. Ez dago aldaketa handirik, baina baditu ñabardurak, azken hauteskunde parlamentarioko emaitzen eta hainbat eskandaluren ondorioz hartutako erabakiengatik, bortxaketaz akusatutako Damien Abad Elkartasun ministroareren irteera, kasu. 

Ekainaren 19ko hauteskundeen bigarren itzuliaren ondoren, Macronek kabinetea birmoldatu behar zuen. Frantzian bada idatzi gabeko arau bat duela urte askotatik, hauteskundeetako galtzaileek ezin dutela Gobernuan parte hartu dioena, eta halaxe iragarria zuen Macronek, eserlekua lortzen ez zuten kide guztiak Gobernutik kanpo geldituko ziren. 

Gauzak horrela, lehen ministro gisa Eliabeth Bornek jarraituko du. Gobernuaren muinari eutsi dio eta Bruno Le Mairek Ekonomian jarraituko du, Gérald Darmaninek Barne Sailean, Catherine Colonna izango da Atzerri-ministroa, Éric Dupond-Moretti Justiziakoa eta Sébastian Lecornu Defentsakoa. 

Gobernuaren bozeramaile berria Olivier Véran izango da, Osasun ministro izandakoa. Osasun saileko buruzagitza hartuko du François Braun medikuak, Brigitte Bourguignon ordezkatuz, izan ere azken honek porrot egin zuen hateskundeetan.

Kanpoan gelditu dira Amélie de Montchalin Trantsizio Energetikoaren ministroa eta Justine Benin Itsasokoa, ekaineko parlamentuko hauteskundeetan eserlekurik lortu ez zutenez gero.

Berritzeak aurreko kabineteko izen polemikoenetako batzuk baztertzeko ere balio izan du, hala nola, Garapenerako Estatu idazkaria, bortxaketaz akusatutako Chrysoula Zacharopoulou ginekologoa, edo Damien Abad Elkartasun eta Pertsona Ezinduen ministroa kontserbadorea, sexu-indarkeriako hainbat emakumeren salaketengatik ikertua. 

Abaden kasuan, haren inguruko ikerketa formalei gehitu zaie astelehen honetan gazte kontserbadoreen militante ohi baten lekukotza. BFMTV kateari egindako adierazpenetan, 2013an ministroarekin izandako ustezko topaketa baten berri eman du, eta, haren bertsioaren arabera, nahasita esnatu zen hoteleko gela batean, taberna batean ministroarekin elkartu ostean.

Lekukotza bat dator Médiapartek argitaratu berri duen beste batekin. Hartan emakume batek kontatu du, uste duenez, substantziaren bat eman ziotela, eta kontzientzia galdu eta hurrengo goizean gela batean esnatu zea. Abadek, ordea, beti ukatu du abusurik egin izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Frantziako Gobernua