Mundua -
Estatu batuak
Gizon bat atxilotu dute sei pertsona hiltzea egotzita Illinoiseko uztailaren 4ko desfilean
Atxilotua "gorabeherarik gabe" atxilotu dute ihesaldi labur baten ostean. Oraindik ez dute zehaztu zein izan den gertaeraren jatorria.
EITB Media
Highland Parkeko (Illinois) uztailaren 4ko desfilean sei pertsona hil eta beste 25 ustez zauritu dituen gizona atxilotu dute, Lou Jogmen bertoko poliziaburuaren esanetan.
"Atxilotua krimenaren eszenatokiarekin lotu beharko dugu, dagokion prozesua jarraitu nahi dugu", esan du Jogmenek. Atxilotuak Robert Crimo du izena, 22 urte ditu, eta agintariek haren argazkia zabaldu dute krimenarekin lotuta "intereseko pertsona" dela iritzita, baina oraindik ez dute modu ofizialean susmagarri nagusitzat jo.
Jogmenen esanetan, orain Poliziak Crimo galdekatuko du, tiroketarekin duen lotura argitzeko.
"Lasai gaude susmagarri bat atxilotu dugulako baina, berriro diot, jasoko dugun informazio guztia aztertzen jarraituko dugu", gaineratu du poliziaburuak.
Jogmenen arabera, atxilotua "gorabeherarik gabe" atxilotu dute ihesaldi labur baten ostean. Operazioan bertoko eta estatu mailako agenteek hartu dute parte, baita agente federalek ere.
Oraindik ez dakite zer dela eta izan den gertaera.
Desfilea hasi eta 10 bat minutura izan da tiroketa. Antza denez, tiroak eraikin bateko teilatutik egin ditu.
Lekuko baten arabera, "gerra esparrua" zirudien. "Jendea negarrez ari zen, oihuka, eta inork ez zekien zer ari zen gertatzen", esan du WBBM hedabidean.