Mundua -
Italiako Alpeak
Marmoladako glaziarrean desagertuen kopurua bostera jaitsi da
Hildakoak zazpi dira, horietako hiru oraindik ez dituzte identifikatu, eta zaurituak zortzi. Gainera, zaurituetako batek sendagiria jaso du astearte honetan, ospitalean.
Agentziak | EiTB Media
Italiako Alpeetan, Marmoladako glaziarraren zati bat behera etorri ondoren, desagertutako pertsonen kopurua bostera jaitsi da; izan ere, bertan zeudela uste zuten zortzi lagun aurkitu dituzte, larrialdi zerbitzuek gaur jakinarazi dutenez.
Hildakoak zazpi dira, horietako hiru oraindik ez dituzte eta identifikatu, eta zaurituak zortzi. Gainera, zaurituetako batek sendagiria jaso du astearte honetan, ospitalean.
Tragedia iragan igandean gertatu zen, Marmoladako glaziarraren 200 metro luzera, 60 zabalera eta 30 lodierako zati bat erori zenean, Dolomitetan.
Erreskate taldeek bost pertsonaren bila jarraitzen dute, nahiz eta bizirik topatzeko itxaropenik ia ez izan. Desagertu guztiak italiarrak dira.
Mendiko sarbide guztiak itxi dituzte segurtasun arrazoiengatik. Desagertuak dronekin ari dira bilatzen, tenperatura altuek glaziarra berriro zatitu dezaketelako.
Carlo Barbante glaziologoak azaldu duenez, "aurretik jakin ezin den gertakari" bat da, baina klima aldaketaren ondorioz maizago gertatuko dira halakoak.
"Glaziarretan beti gertatu diren gauzak dira, baina berotze globalaren ondorioz areagotu dira azken urteetan; izan ere, glaziarrak horrela urtzen ari dira, eta ez tantaka; tenperatura altuekin maizago gertatuko dira beti", ohartarazi du Barbantek.