Itxi

Mundua

Erresuma Batua

Boris Johnson inoizko egoera politiko zailenean, gutxienez 30 gobernukidek dimisioa aurkeztu ondoren

EITB Media

Dimititzeko asmorik ez duela argi esan du bere gaurko agerraldian Erresuma Batuko lehen ministroak, baina presioari eusten lanak izango ditu. Bere hurbilekoek eskatu diote gaur arratsaldean kargua uzteko, eta bakarrik geratzen ari da.

1:36
Boris Johnson

Tantaka hasi ziren, baina azken orduotan zaparradan iristen ari dira dimisioak Erresuma Batuko Gobernura. Boris Johnson lehen ministroa krisi politiko sakonean murgilduta dago duela egun batzuetatik, Chris Pincher diputatu tory ohiaren sexu-jokabide desegokiaren filtrazioen inguruko azken eskandaluaren ondorioz. Polemikaren inguruan azalpen kontrajarriak eman ditu Johnsonek, eta egoera eskuetan lehertu zaio.

BBC hedabideak gaur arratsaldean jakitera eman duenez, Gobernu britainiarreko ministro garrantzitsuenek "berehala" eskatuko diote Johnsoni dimititzeko, egoera alderdiaren barruan eta Gobernuan "eutsiezina" dela iritzita. Kargua utziko ez balu, Johnsonen kargugabetzea beste bide batetik bilatuko dutela azaldu dute.

Komunen Ganberan agertu da gaur arratsaldean lehen ministroa, eta han jakin du bere alderdikideek dimisioa eskatuko diotela. Tentsio uneak bizi izan dira, baina Johnsonek ez du burua makurtu. Kargua uzteko asmorik ez duela argi utzi du. "Egoera zailetan dagoen lehen ministro baten lana, hautesleen babes sendoa badu, jarraitzea da, eta hori egingo dut", esan du.

Hauteskundeak deitzea ahalbidetuko duen galdetuta, berriz, honakoa erantzun du: "Ez dut kargua utziko, eta hauteskundeak dira herri honek behar duen azken gauza. Hauteskundeak bi urte barru izango dira".

30 dimisio baino gehiago

Orain arte, Rishi Sunak Ekonomia ministroak eta Sajid Javid Osasun ministroak aurkeztu dute dimisioa, bai eta hainbat Estatu-idazkarik eta beste ministerio-kargu batzuek ere; 28 goi-kargudun, guztira. 

Berrienak Rachel Maclean, Kemi Badenoch, Julia Lopez, Mims Davies, Lee Rowley, Neil O 'Brien eta Alex Burghart Estatu-idazkariek iragarritako dimisioak izan dira.

Johnsonen gertuko aliatuen artean, Liam Fox Kabineteko ministro ohiak ere bat egin du Johnsoni kargua utz dezan eskatzen diotenekin.

Twitterren idatzitako gutun batean, Foxek adierazi du azken egunetako gertakariekin argi ikusi duela Johnsonek, "zoritxarrez" ezin duela Alderdi Kontserbadorea eta, "are garrantzitsuagoa, gure herrialdea gidatzen jarraitu".

"Zuganako leialtasuna bere kontzientziarekin adiskidetu ezingo luketen jende on gehiegi galdu dugu. Ni bat nator sentimendu horrekin", azaldu du Foxek.

Johnsonek barkamena eskatu du azken hilabeteotan izan dituen polemikengatik, baina uko egin dio dimisioa emateari.

Teorikoki, 2023ko ekainera arte ezin dute Johnsonen aurkako zentsura-mozio berririk aurkeztu baina, tory batzuk arauak aldatzearen alde agertu dira dagoeneko, urtebete itxaron beharrik ez izateko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena