Mundua -
Sri Lanka
Sri Lankako presidentea herrialdetik irten da hegazkinez, Maldivetarantz
Gotabaya Rajapaksak hegazkin militar batean egin du ihes bere emaztearekin eta segurtasuneko bi langilerekin batera. Lehen ministroak larrialdi-egoera deklaratu du eta berehalako etxeratze agindua ezarri du hiriburuan.
Agencias | EITB Media
Gotabaya Rajapaksa Sri Lankako presidenteak ihes egin du herrialdetik. Aire Segurtasun indarrek eta lehen ministroaren bulegoak baieztatu dutenez, Maldivetarantz abiatu da hegazkin militar batean, baina ez dute jakinarazi gero nora eraman dituzten handik, bai, ordea, polizia-hesi sendo batez inguraturik eraman dituztela, komunikabideek jasotako aireportuetako funtzionarioen informazioen arabera.
Ranil Wickremesinghe lehen ministro eta jarduneko presidenteak larrialdi-egoera deklaratu du eta berehalako etxeratze agindua ezarri du hiriburuan eta probintzian.
Rajapaksak bere egoitza ofizialetik ihes egin zuen joan den larunbatean, herrialdeak bizi duen eta Sri Lanka egoera ekonomiko eta instituzional larrian utzi duen krisiagatik etsita zeuden milaka lagunek bere etxea inguratu eta hartu aurretik.
Matxinadaren ostean, Rajapaksak bere karguari uko egingo ziola iragarri zuen, baina, oraindik dituen botere presidentzialak erabiliz, "Gobernuak eskatuta, Defentsa Ministerioaren onespenarekin, eta Immigrazio eta Emigrazio araudiekin, Sri Lankako Aire Armadako hegazkin bat esleitu zaio Gotabaya Rajapaksa presidenteari, haren emazteari eta segurtasuneko bi langileri".
Gobernuan goi karguak izan dituzten Rajapaksa familiako kide batzuk ere herrialdea uzten saiatu dira matxinaden ondoren.
Rajapaksaren dimisioa asteazken honetan zehaztea espero da. Sri Lankako alderdi politikoek uztailaren 20an bitarteko presidente berri bat izendatzea adostu zuten astelehen honetan, Rajapaksaren irteerak utzitako botere hutsunea betetzeko.