Mundua -

Saudi Arabia

Bidenen eta Bin Salmanen arteko agurra, Khashoggiren hilketa ixteko saiakera

Bidenen eta eta Bin Salmanen arteko bilera ikusi ondoren, "triste" dagoela esan du Hatice Cengiz Khashoggiren emaztegaiak, baina "justizia gailendu arte" borrokan jarraitzeko asmoa berretsi du.

Joe Bidenen eta Mohamed bin Salmanen arteko agurra. Argazkia: EFE
Joe Bidenen eta Mohamed bin Salmanen arteko agurra. Argazkia: EFE
Joe Bidenen eta Mohamed bin Salmanen arteko agurra. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden AEBko presidentearen eta Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printzearen arteko agurra Jamal Khashoggi kazetariaren hilketa ixteko saiakera izan da ostiral honetan, bi herrialdeen arteko harremanean gertakari ilunenetarikoa.

Bidenen eta eta Bin Salmanen arteko bilera ikusi ondoren, "triste" dagoela esan du Hatice Cengiz Khashoggiren emaztegaiak, baina "justizia gailendu arte" borrokan jarraitzeko asmoa berretsi du.

Bidenen eta Bin Salmanen arteko agurra hotza izan da. Printzeak agintari estatubatuarra Yedako Al Salam jauregian hartu du; Biden limusina beltzetik atera den unean, Saudia Arabiako agintaria gerturatu zaio, ukabilarekin bostekoa emateko, pandemian zehar modan jarri zen agurra. Keinuak segundo batzuk iraun ditu.

Irudiak oihartzuna berehala izan du; izan ere, 2020ko hauteskunde-kanpainan egindako promesak jan ditu Bidenek. Saudi Arabia nazioartean "paria" bat izango zela agindu zuen AEBko buruzagiak, bertako agintariei Khashoggiren hilketaren "prezioa" ordainarazteko. Kazetaria 2018an hil zuten, Istanbulen, Saudi Arabiaren kontsulatuan.

Are gehiago, Etxe Zurira iritsi eta gutxi geroago, Bidenek CIAren txosten bat desklasifikatu zuen. Kazetaria hiltzeko eta zatitzeko operazioak Bin Salmanen oniritzia jaso zuen, txostenaren arabera.

Petrolioaren salneurria murriztea

Bidenek Bin Salman ez ikusteko presioa izan da, baina bi buruzagiak batzartu dira azkenean, AEBk Saudi Arabiarekin harremana konpontzea behar baitu, petrolioaren prezioak jaisten laguntzeko, Ukrainako gerrak eta Mendebaldeak Errusiari ezarritako zigorrek ikaragarri garestitu ondoren.

Saudi Arabia "paria" bat zela oraindik uste badu, galdetu dio kazetari batek Bideni, eta NBC kateko beste batek Bin Salmani zera oihukatu dio: "Jamal Khashoggi, haren familiari barkamena eskatuko zenioke?". Ez batak, eta ez besteak, ez du erantzun. Are gehiago, Bin Salmanek barre egin du prentsaren galderen aurrean, eta kazetariak aretotik kanporatu dituzte.

Saudi Arabiaren eta Israelen arteko hurbilketa

Bestalde, zeharka bada ere, Bidenen bisitak Saudi Arabia eta Israel hurbiltzeko balio izan du. Bi herrialdeek ez dute harreman diplomatikorik.

Biden Yedara heldu baino ordu batzuk lehenago, hegazkin zibil guztiei lurraldearen gainetik hegan egiteko baimena emango dietela iragarri du Saudi Arabiak. Praktikan, Israeletik aireratzen eta Estatu hebrearrera doazen hegaldiak baimentzeko balio izango du.

Horrela, jarrera aldaketarekin Israeleko airelineek Txina, India edo Thailandiara iritsi ahal izateko ibilbideak murriztuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Petrolioa Kazetaritza Giza eskubideak Erailketak Joe Biden Errusia-Ukraina gerra Saudi Arabia