Mundua -
Asia
Sri Lankako presidente berria izendatzeko prozesua abiatu dute
Asteartean hautagaiak aurkeztuko dira. Bat baino gehiago izatekotan, bozketa egingo dute Parlamentuan. Gotabaya Rajapaksa estatuburu ohiak dimititu eta herrialdetik alde egin ostean, Sri Lankako buruzagi berriak bitarteko presidente gisa jardungo du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Presidente berria izendatzeko prozesua aurkeztu du larunbat honetan Sri Lankako Parlamentuak, Gotabaya Rajapaksa estatuburu ohiak dimititu eta herrialdetik alde egin ostean. Sri Lankako buruzagi berriak bitarteko presidente gisa jardungo du.
Gotabaya Rajapaksaren dimisioak eragindako krisi instituzionalari irtenbidea emateko akordioak lotzea da orain alderdi politikoen lana.
Parlamentua datorren asteartean batzartuko da berriro, 10:00etan tokiko orduan, eta orduan hautagaiak aurkeztu beharko dira, Dhammika Dassanayake Parlamentuko idazkari nagusiak argitu duenez. Izendatutako hautagai horiek bertan egon beharko dira, eta ez da hautagaitzen inguruko eztabaidarik izango.
Hautagai bat baino gehiago izatekotan, Parlamentua osatzen duten 225 diputatuek bozkatu beharko dute datorren asteazkenean. Hautagai bakarra baldin bada, asteartean bertan izendatuko dute bitarteko presidente.
Sajith Premadasa opositoreak iragarri duenez, bitarteko presidentetzarako hautagai izango da, 2019ko hauteskundeetan bigarren geratu ostean.