Mundua -
Ukrainako gerra
Ukrainarako armak erostera beste 500 milioi euro bideratzea adostu dute hogeita zazpiek
Horrela, Ukrainara bidaliko diren armen erosketa ordaintzeko funtsak 2500 milioi eurokoak izango dira guztira. Gastu hori Bakea Babesteko Europako Funtsaren kontura izango da.
Agentziak | EITB Media
Europar Batasuneko Kanpo Arazoetako ministroek Ukrainari armak erostea finantzatzeko beste 500 milioi euro konprometitzea adostu dute gaur. Ondorioz, gerra hasi zenetik igarotako bost hilabeteetan, blokeak gutxienez 2500 milioi euroko laguntza emango dio Kievi Errusiaren inbasioaren aurrean.
Hala aurreratu du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak Volodimir Zelenskiren Gobernuari bostgarren laguntza emateko hogeita zazpi herrialdeek erdietsitako "akordio politikoa ospatzeko" sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean.
Europar Batasuneko Atzerri ministroek Bruselan egindako bileran, Ukrainari babesa mantentzeko eta, beraz, 500 milioi euroak askatzeko "borondatea eta adostasuna" daudela egiaztatu da. Halere, erabakia formalki gauzatzeko, izapide parlamentario gehigarriak egin beharko dituzte Eestatu kide batzuetan, Europar Batasuneko iturriek Europa Pressi zehaztu diotenez.
Horrela, Ukrainara bidaliko diren armen erosketa ordaintzeko funtsak 2500 milioi eurokoak izango dira denera, eta gastu hori Bakea Babesteko Europako Funtsaren kontura izango da.