Mundua -
Suteak Landetan
Landetako suteak kontrolpean hartzea lortu dute
Azken orduetan egindako suebakiak eraginkorrak izan dira, eta sugarrak aurrera egiten jarraitzea eragotzi dute. 20.300 hektarea baso erre dira La Teste-de-Buch eta Landiras eremuetako bi suteen artean, eta ia 37.000 pertsona ebakuatu behar izan dituzte.
O. P. | EITB Media
Landetako La Teste-de-Buch eta Landiras inguruetako suteak kontrolpean hartzea lortu dute azken orduetan, sugarren kontrako borrokan astebete eman ostean.
Azken orduetan, Akitaniako DFCIk (basoak suteen aurka babesteko bulegoa) eta ONFk (basoen bulego nazionala) eraikitako suebakiak eraginkorrak izan dira suteen hedapena mugatzeko.
Bi suteetan lanean ari dira 2.000 suhiltzaile baino gehiago, 8 ur-hegazkinen eta 2 Dash hegazkinen laguntzarekin, eta egunetan lehen aldiz perimetroaren zati batean lan egin ahal izan dute, eta laguntza-lineak eraiki ahal izan dituzte sua itzaltzeko lanak errazteko.
Baso-masaren galera eta ingurumen-ondorioak kezkagarriak badira ere, agintariek azpimarratu dute ez dela, behintzat, inor hil edo larri zauritu.
La Teste-de-Bucheko sutean 7.000 hektarea erre dira, eta 20.000 pertsona ebakuatu dituzte uztailaren 12tik.
Landirasen 13.300 hektarea baso kiskali dira. Azken orduetan, 2.000 pertsona inguru ebakuatu dituzte prebentzioagatik, eta, orain, sutearen perimetroak kontrolpean edukitzeko, balizko konplikazioei aurrea hartzeko eta laguntza-eremu berriak eraikitzeko lanean ari dira.