Mundua -
Gas-hornidura
Gazpromek are gehiago murriztuko du gas fluxua Nord Stream gasbidetik asteazkenetik aurrera
Errusiako energia konpainiak iragarri du % 20ra murriztuko duela Alemaniara doan gas hornidura, turbina batekin arazoak dituelako.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Uztailaren 27tik aurrera, Gazprom gas konpainia errusiarrak Nord Stream 1 gasbideko gas hornidura % 40tik % 20ra murriztuko duela iragarri du.
Konpainia energetikoak iragarri du 33 milioi metro kubikora murriztuko duela gaur egun Alemaniara doan gas hornidura, turbina batekin arazo teknikoak dituela esan baitu.
Gaur egun, Errusiak ohiko gasaren % 40 baino ez du hornitzen, Siemens turbinetako batekin arazoak baititu. Turbina hori Kanadan blokeatuta egon zen Ukrainako Errusiako kanpaina militarreko zigorren ondorioz, eta, momentu honetan, Errusiara itzultzeko bidean dago.
Gainera, prozesua zaildu egin da Gazpromen eskakizunen ondorioz; izan ere, Gazpromek dioenez, Kanadak eta Alemaniak emandako dokumentazioak ez ditu ezabatzen zehapenekin lotutako arriskuak, eta "galdera gehigarriak sortzen zaizkie", bereziki, etorkizunean beste turbina batzuk konpontzearekin lotutakoak.
Ekainaren erdialdean, Gazpromek gas horniduraren ahalmena % 33ra murriztu zuen, eguneko 67 milioi metro kubikora arte, konponketak egiteko turbina bat gelditu behar zuelako, eta uztailean ponpaketa gelditu zuen "planifikatutako mantentze lanetarako".
Uztailaren 21ean amaitu zen hamar eguneko etenaldiaren ondoren, Nord Stream % 40ko edukierarekin hasi zen, eta, asteazken honetatik aurrera, erdira murriztuko da.