Mundua -

kolonbia

Kritika ugari eragin ditu Felipe VI.ak izandako jarrerak Gustavo Petro karguaz jabetzeko ekitaldian

Errege espainiarra izan zen jezarrita mantendu zen eta txalo egin ez zuen estatuburu bakarra Simon Bolivarren ezpata ekitaldira eraman zutenean. Hori dela eta, zenbait alderdik bere jarrera kritikatu dute.

Felipe VI, jezarrita, ezpata eramaten zuten unean. Argazkia: EFE
Felipe VI, jezarrita, ezpata eramaten zuten unean
Felipe VI, jezarrita, ezpata eramaten zuten unean. Argazkia: EFE

I.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felipe VI.ak Gustavo Petro Kolonbiako presidente berriaren karguaz jabetzeko ekitaldian izan zuen jarrerak zenbait alderdiren kritikak eragin ditu, tartean Gobernu espainiarraren kidearena, Podemosena. Bere ustez, "ez dauka inolako azalpenik, barkamena eskatzea behar du".

Ekitaldiaren une batean, Simon Bolivarren ezpata eraman zuten. Ezpata hori da Bolivarrek erabili zuena Espainiaren aurkako independentzia gerran.

Hala, Ione Belarrak sare sozialetan adierazi duenez, "gure zeregina prozesu demokratikori babesa eta errespetu osoa adieraztea zen. Ezin da gertatutakoa azaldu, barkamena eskatu beharra dago".

Gogorrago azaldu da Jordi Salvador ERCren diputatua: "Baldar askoren oinordeko baldarra da. Pertsona izateari uko egin dion gizona da, monarkia kolpista, ustela eta faxisten aldeko baten oinordeko duina izatearren".

Josep Rullek ere kritikatu egin du Felipe VI.ak Bogotan izandako jarrera: "Penagarria. Eta, gainera, esanguratsua", esan du politikariak.

Ildo beretik agertu da Anton Gomez-Reino Galicia en Comuneko diputatu eta Podemosek Kongresuan duen ondoko bozermailea. Gomez-Reinok ekitaldian ikusitako "lotsa borbonikoa" salatu du. "Demokratikoki hautatua izan ez den eta beste herrialdeetako demokrazia errespetatzen ez dakien gizon batek eragiten digun lotsa" dela gaineratu du.

Bolivarren ezpata karguaren zina egiteko ekitaldian egotea Gustavo Petrok hartutako lehen erabakietako bat izan zen. Ezpata balio sinboliko handia duen arma da presidente kolonbiarrarentzat, M-19 gerrillak lapurtu baitzuen altxamenduaren lehen keinu gisa. Taldeak bake-akordioa egin zuenean Virgilio Barcoren Gobernuarekin, ezpata itzuli eta Bolivarren Quintara eraman zuten.

Ivan Duque presidenteak Petrori erakutsi zion ezpata presidentetzarako hauteskundeak irabazi ondoren, eta, une horretan, Petrok karguaz jabetzeko ekitaldi guztietan modu sinbolikoan erabiltzea erabaki zuen.

Bolañosek kritikak ukatu ditu

Felix Bolaños Presidentetza, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikorako ministroak errefusatu egin ditu kritikak. Bere ustean, "garrantzi txikiko ñabardurak dira", Latinoamerikako herrialdearekin ireki berri den "garai berriaren" aurrean.

"Nire iritzian, Espainiaren eta Kolonbiaren artean dagoen adiskidetasuna eta egonkortasuna erabatekoak dira. Horren adierazle da Espainiak presidente berriaren kargu hartze ekitaldira erregea bidali izana, Kanpo Arazoetarako ministroarekin batera", esan du Bolañosek Almeria eta Murtziaren arteko Abiadura Handiko Trenaren lanetara egindako bisitan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Espainiako Felipe VI.a Eguneko albisteak Albisteak Kolonbia Latinoamerika