Itxi

Mundua

AEB

Trumpek New Yorkeko Fiskaltzaren galderak erantzuteari uko egin dio

Agentziak | EITB Media

Letitia James fiskalburua AEBko presidente ohia ikertzen ari da enpresa praktikengatik, eta hilabeteak zeramatzan berarekin hitz egin nahian. Epaile batek behartuta, azkenean, Trump testigantza ematera hurbildu da.

1:24
Donald Trump

Donald Trumpek New Yorkeko Fiskaltzaren galderak erantzuteari uko egin dio gaur. AEBko presidente ohia enpresa praktikengatik ikertzen ari da, eta fiskalak hilabeteak zeramatzan berarekin hitz egin nahian.

Epaile batek behartuta, azkenean, Trump testigantza ematera hurbildu da asteazken honetan; FBIk Mar-a-Lagoko (Florida) bere etxea miatu eta bi egun geroago. Etxe Zuria utzi zuenean dokumentu sekretuak eraman ote zituen argitzea du jomuga ikerketa federalak. Hau da, bi auzi horiek ez dute zerikusirik edo loturarik.

New Yorken, Trump Erakundeak ustez egindako delituei aurre egin behar die handi-mandiak, bide zibiletik. Konkretuki, enpresak maileguak lortzeko bere ondasunen balioa puztu ote zuen ikertzen ari dira, eta, aldi berean, balio bera murriztu egin zuen zerga gutxiago ordaintzeko.

Bere errugabetasuna defendatu du gaur berriro Trumpek agiri batean. Presidente ohiaren hitzetan, ikerketak Letitia James fiskalburuak "politikoki bultzatutako sorgin-ehiza" dira. Are gehiago, handi-mandiak fiskal demokrata eta beltzari "arrazista" deitu zion bart.

Honenbestez, Trumpek Konstituzioaren Bosgarren Emendakinari heldu dio: bere burua erruztatzea saihesteko, ikertuak isilik egoteko eskubidea du.

"Zalantzarik banuen, FBIk Mar-a-Lagoko nire etxea astelehenean miatu ondoren, agerraldia egin baino bi egun lehenago soilik, edozein zalantza ezabatu zuen. Ez dut batere aukerarik, egungo Administrazioak eta herri honetako fiskal askok lotsaren muga moral eta etiko guztiak zeharkatu dituztelako", errepikatu du.

New Yorkeko fiskalburuaren ikerketak urteak bete ditu dagoeneko, eta, azken zantzuen arabera, azken fasean egon daiteke. Letitia Jamesen bulegoak Eric, Donald Jr. eta Ivanka presidente ohiaren hiru seme-alabak elkarrizketatu zituen jadanik.

Trumpek, ostera, prozesuaren markoan agiri pertsonalak ez entregatzeko eta testigantzarik ez emateko borroka egin zuen epaitegietan, baina, azkenean, Justiziak behartu du. Isunak ezarri zizkioten, ebatzitakoa ez betetzeagatik.

Nahiz eta ikerketak bide zibila jarraitu, New Yorkeko Fiskaltzak ikerketa penalak zabalik ditu arrazoi berdinengatik. Azken hilabeteetan prozesua moteldu egin da, baina auzi honekin gertatzen denaren arabera, berriro azkartu daiteke.

Politikari errepublikanoak zabalik dituen auzien zerrenda luzeko bat baino ez da. Bitartean, 2024ko hauteskundeetara aurkezteko itxaropena mantentzen du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena