Mundua -

Hauteskundeak Kenyan

Ruto presidenteordeak irabazi ditu bozak Kenyan, emaitza estuarekin

Botoen % 50,49 jaso ditu, Raila Odinga lehen ministro ohi eta lehiakide nagusiak baino 200.000 boto gehiago. Emaitzak iragartzeko sei egun behar izan ditu Hauteskunde Batzorde Independenteak, eta iruzur salaketak ere izan dira batzuen eta besteen aldetik.

Tentsio uneak izan dira hauteskundeen emaitza iragarri baino lehen. Argazkia: EITB Media
Tentsio uneak izan dira hauteskundeen emaitza iragarri baino lehen.
Tentsioa Kenyako hauteskundeen emaitzen iragarpenean

0:42

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

William Ruto orain arte Kenyako presidenteordea izan denak irabazi ditu herrialde horretako hauteskundeak, emaitza estu batekin (% 50,49, 7,17 milioi boto) gailendu bada ere. Izan ere, 200.000 botoko aldea baino ez dio atera Raila Odinga lehen ministro ohi eta oposizioko buruari. Odingak botoen % 48,85 eskuratu ditu (6,94 milioi). 

Tarte handira kokatu dira beste bi hautagaiak: George Wajackoyahek 62.000 boto jaso ditu, eta David Mwaurek iai 32.000. Emaitzok Hauteskunde Batzorde Independenteak (IEBC, ingelesez) iragarri ditu astelehenean, hauteskundeak egin eta sei egunera (abuztuaren 9an egin zituzten). 

"Konstituzioari eta legeari jarraiki, IEBCko presidentea naizen aldetik, honakoa adierazi nahi dut: Ruto William Samoei Kenyako Errepublikaren presidente izateko babesa jaso duela", iragarri du Wafula Chebukati batzordeko buruak Bomaseko (Nairoibitik 10 bat kilometrora) zenbaketa gunetik. 

Iragarpena egin baino une batzuk lehenago borroka izan da Odinga hautagaiaren ordezkariekin eta Chebukati batzordeko presidentearen artean. Lehenengoek tribunara igotzea eragotzi diote presidenteari, bultzaka. Militarrek esku hartu ostean, emaitzak jakinarazi ditu IEBCko buruak. Aurrez, batzorde horretako lau kidek (guztira zortzi dira, zazpi ordezkari eta presidentea) emaitzak balekotzat hartzen ez zituztela esan dute, kontaketa "modu ilunean" egin dela argudiatuta. 

Esan bezala, gaur zortzi, abuztuaren 9an, egin zituzten hauteskundeak Kenyan. Lasai antzera joan zen eguna, % 65eko parte hartzearekin. 

Kenya Kwanza koalizioko buru gisa aurkeztu zen Ruto hauteskundeetara, lehen aldia zuen Presidentzarako hautagai bezaka. Odinga bosgarren aldiz aurkeztu zen bozetara, oraingo honetan Uhuru Kenyatta presidentearen babesarekin. 

Emaitzen kontrako inpugnaziorik ezean, 1963tik Kenyako bosgarren presidentea izango da Ruto. Uhuru Kenyattaren lekua hartuko du, azken horrek legez onartutako bigarren agintaldia agortu baitu. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak