Mundua -

Serbia-Kosovo

Serbiak eta Kosovok elkarrizketari ekin diote berriro, matrikulen polemikaren inguruan aurrerapenik lortu gabe

Borrellen arabera, ostegun honetako topaketa ez zen EBk erraztutako elkarrizketaren beste bilera bat bakarrik. Izan ere, "Europarentzako une dramatiko eta arriskutsu batean" iritsi da, Ukrainako gerra betean.

Albin Kurti Kosovoko lehen ministroa eta Aleksandar Vucic Serbiako presidentea. EFE
Albin Kurti Kosovoko lehen ministroa eta Aleksandar Vucic Serbiako presidentea. EFE
Albin Kurti Kosovoko lehen ministroa eta Aleksandar Vucic Serbiako presidentea. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alksandar Vucic serbiar presidenteak eta Albin Kurti Kosovoko lehen ministroak elkarrizketari berrekin diote ostegun honetan, Europar Batasuna bitartekari dela, euren arteko harremana normaltzeko. Topaketa berri honetan, ez dute lortu Kosovoko autoritateek igortzen dituzten matrikulen eta dokumentazioaren inguruko eztabaida desblokeatzea, herrialdeko iparraldean uda honetan sortutako tentsioaren iturburu.

"Tamalez, gaur ez dugu akordiorik lortu. Sentitzen dut. Baina istorioa ez da hemen amaituko. Bi liderrek gogorarazi dute prozesuak aurrera egin behar duela, eta datozen egunotan berrekingo diotela eztabaidari", baieztatu du Josep Borrell EBko Kanpo Politikarako goi ordezkariak Belgrado eta Pristina arteko bileran bideratzaile lana egin ostean emandako prentsaurrekoan.

Nolanahi ere, komunitate diplomaziaren buruak baieztatu du ez duela "amore emango", eta egoerari konponbide "adimentsua" topatzeko eztabaidan jarraitzeko ahalegina azaldu du, irailaren 1era arteko "epea" dagoela adierazita. Izan ere, orduan sartuko da berriro indarrean lege polemikoa.

Europako iturriek Europa Pressi baietsi diotenez, Vucic eta Kurtiren arteko elkarrizketek Bruselan jarraituko dute datozen egunetan Miroslav Lajcaken bitartekotzarekin; EBk Belgradoren eta Pristinaren arteko elkarrizketarako ezarritako ordezkari berezia.

Serbiako komunitatearen mugako pasabideen blokeoen ondorioz sortutako tentsioak baldintzatu du hitzordua. Orduan, Serbiatik zetozen eta Kosovon sartzen ziren pertsonek euren nortasun agiriak entregatzeko agindua eman zuen Pristinak, hark emango zizkien nortasun agirien truke; lege baten aplikazioaren aurka protesta egiteko ezarri zuen legea, nahiz hilabetez atzeratua izan zen gero.

Borrellek aitortu duenez, ostegun honetako topaketa ez zen EBk erraztutako elkarrizketaren beste bilera bat bakarrik. Izan ere, "Europarentzako une dramatiko eta arriskutsu batean" iritsi da, Ukrainako gerra betean. Vucici eta Kurtiri helarazi die krisia leuntzearen ardura daukatela, eta adierazi du ez dela "tentsioak areagotzeko unea, konponbideak bilatzekoa eta enkistatutako arazoak konpontzekoa baizik".

Vucicek eta Kurtik urtebetean Bruselan egindako lehen bilera da hau, nahiz eta EBk gakotzat duen Serbiaren eta haren antzinako probintziaren arteko harremanen normalizazioa, biak EBn sartzeko eta Balkanen eskualde osoan epe luzera egonkortasun politikoa eta ekonomikoa eraikitzeko.

Zentzu horretan, Ordezkari Gorenak azpimarratu du Belgrado eta Pristina arteko bide europarra izan behar dela bi liderren azken jomuga. Horretarako, "bidean aurrera egiteko modu bat aurkitu behar dute", eta "lehen pausoa uneko egoera konpontzea da", esan du matrikulen krisiari buruz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa NATO Eguneko albisteak Albisteak Serbia albisteak Kosovo gaur