Mundua -
ekonomia krisia
Amaitu da Bruselak Greziaren gainean zuen zaintza ekonomiko berezia
Von der Leyenen arabera, herrialdeak "konfiantzaz" begira dezake etorkizunera, bere historia garaikidean giltzarri izan den pasarte bat itxi ostean.
agentziak | eitb media
Grezia Europako Batzordeak haren gain zuen zaintza ekonomiko berezitik formalki atera da larunbat honetan. Erreskate planaren ostean hartutako erreformak ikuskatzeko asmoz abiatu zuten jagoletza hori. Kyriakos Mitsotakis lehen ministroaren hitzetan, "egun historikoa" da.
"Ortzimuga berri eta garbi baterantz begira dezake orain herrialdeak, guztiontzako garapena, batasuna eta oparotasuna ekarriko dituen baterantz", esan du Mitsotakisek, "konpromiso gogorrak" ekarri dituzten hamabi urteren amaiera sinbolizatzen duen bideo batean.
Adierazi duenez, minik ere izan da hamabi urte horietan zehar, besteak beste zerga "jasanezinak" eta soldaten zein zerbitzu publikoen murrizketak barne hartzen zituen betebehar sortaren emaitza. Grezia Europan zokoratuta gelditu izana ere aipatu du, 'Kathimerini' egunkariak jakitera eman duenez.
Zentzu horretan, onartu du ekonomiaren geldialdiari gizartearen "banaketa" handiago bat ere batu zaiola, eta kritiko azaldu da Bruselatik inposatutako neurriekin. Edonola ere, gainditutzat eman ditu "zauri" horietako batzuk, hala nola; indarkeriaren gorakada, erakundeen ahulezia edo Urrezko Egunsentia alderdi neonaziaren jaiotza.
Abuztuaren 10ean iragarri zuen Europako Batzordeak ez zuela erreskatearekin lotutako erreformen zaintza luzatuko, Greziak konpromiso gehienak bete dituela eta, hortaz, eurogune osorako arriskuak urritu dituela ondorioztatuta.
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Twitter bidez adierazi duenez, "Greziaren eta bertako biztanleriaren ausardiari eta erresilientziari esker, herrialdeak pasarte hau itxi dezake, eta etorkizunerantz konfiantzaz begiratu". "EB beti egongo da zuen alboan", gaineratu du.