Mundua -

Ukraina

Errusiak Ukrainako geltoki bati eraso dio, misilak erabiliz, eta gutxienez 25 lagun hil eta 31 zauritu dira

Asteazkenean jazo da, Dnipropetrovsk eskualdean, Chapline tren-geltokian. "Okupatzaileek egindakoaren ardura euren gain har dezatela egingo dugu", esan du Zelenskik. Errusiak, baina, 200 ukrainar militar baino gehiago hil egin dituela iragarri du.

Ukrainak bere independentzia izan du gogoan asteazkenean, erasoaren egunean. Argazkia: EFE.
Ukrainak bere independentzia izan du gogoan asteazkenean, erasoaren egunean
22 muertos en el ataque ruso contra una estación de tren en la región de Dnipropetrovsk

0:34

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak Ukrainako tren-geltoki bati eraso dio, misilak erabiliz, Dnipropetrovsk eskualdean, eta gutxienez 25 lagun hil, tartean bi ume, eta 31 pertsona zauritu dira, asteazken honetan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazi duenez eta Kirilo Timoshenko Zelenskiren Bulegoko buruak ostegunean eguneratu duenez: "Okupatzaileek egindakoaren ardura euren gain har dezatela egingo dugu, eta, benetan, inbaditzaileak gure lurretik botako ditugu", esan du Zelenskik, Chapline udalerriko geltokian jazotakoaz. Errusiak, baina, 200 ukrainar militar baino gehiago hil egin dituela iragarri du. 

"Chapline da gaurko gure mina. Orain arte, 22 hildako daude; horietako bost euren autoan hil dira, kiskalita. 11 urteko ume bat hil da; errusiar misil batek haren etxea suntsitu du", esan du Zelenskik, gauean egiten duen hitzaldian, asteazkenean. Egun horretan, hain zuzen, Ukrainako independentziaren oroitzapena egin dute, eta sei hilabete bete dira Errusiak herrialdea inbaditu zuenetik.

Bilaketa- eta erreskate-lanak egiten jarraituko dute, tren-geltokian. Zelenskik, aipatutako hitzaldia eman aurretik, NBEren Segurtasun Kontseiluaren aurrean hitz egin zuen, bideokonferentziaz, gerra hizpide zuen topaketa batean; bertan esan duenez, jaurtigailuek zuzenean jo dituzte Chaplineko geltokian zeuden bagoi batzuetan, eta horietako lau sutan izan direla. Beraz, biktima-kopurua altuagoa ere izan liteke.

Ukrainar liderrak salatu duenez, eraso-mota hau ohitura bilakatu da Ukrainan, "errusiar terrorearen aurka borrokatzen dugun bitartean". "Horrela ari gara bizitzen egunero. Horrela prestatu da Errusia Segurtasun Kontseiluaren bilera honetarako", azaldu du.

Zelenskik, NBEren aurrean, berretsi du munduaren etorkizuna Ukrainan ari dela erabakitzen: "Errusiak, gatazkan irabaziz gero, beste herrialde batzuetara eramango du gerra", ohartarazi du.

Errusiak dio 200 militar baino gehiago hil egin dituela

Errusiako Defentsa Ministerioak, aldiz, adierazi du ostegunean erasoa zutabe militar baten aurkakoa zela, eta 200 ukrainar militar baino gehiago hil egin dituela bertan.

"Iskander misil batek zuzenean jo du zutabe militar baten kontra, Chaplineko tren-geltokian, Dnipropetrovsk eskualdean, eta, ondorioz, 200 militar baino gehiago hil egin ditugu eta hamar ekipo militar suntsitu. Donbassera zihoazen horiek guztiak", adierazi du Errusiako Armadak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Ukraina gaur Errusia Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra gaur Volodimir Zelenski