Mundua -
ukrainako gerra
Zaporizhiako zentrala sare elektrikora partzialki konektatu dute berriro, Ukrainako operatzailearen arabera
Errusiak, bestalde, ukrainiar indarrei egotzi die ostegunean zentral nuklearra birritan bonbardatu izana, historian lehen aldiz energia sistematik deskonektatuta geratu zenean.
agentziak | eitb media
Ukrainako estatu mailako operatzaile energetikoak, Energoatomek, baietsi du partzialki birkonektatu dutela Zaporizhiako zentral nuklearra herrialdeko sare elektrikora. Errusiako Defentsa Ministerioak, bestalde, ukrainiar indarrei egotzi die bezperan zentral nuklearra birritan bonbardatu izana, historian lehen aldiz Ukrainako energia sistematik deskonektatuta geratu zenean.
Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia (EANA) Zaporizhiara bisita gauzatzeko aukeraren zain dago (Errusiaren eskutan dago zentrala) eta, bi lehiakideen arteko egoera ikusita, ez du baztertu istripua izateko arriskua.
Rafael Grossi EANAko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "ez dugu alarmista izan behar", baina ezin da "hutsala ez den egoera bat" ezereztu. Europako gune nuklearrik handiena denaz ari zen, eta Kieven eta Moskuren arteko salaketa gurutzatuen helburu.
"Instalazioa badabil, baina zailtasunekin, eta uneko baldintzetan ezin dugu istripu baten agertokia baztertu. Etengabeko etenaldiak daude elikadura elektrikoan, arazoak erregai erabiliarekin...", gaineratu du.
Era berean, Dmytro Kuleba Ukrainako Kanpo Arazoetako Ministroak azpimarratu du Zaporizhiako zentral nuklearraren egoera "izugarri arriskutsua" dela eta, Errusia instalazio horietan dagoen bitartean, jazoera nuklear bat gertatzeko arriskua "oso handia" dela.
Haren ohiko mintzaldian, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ostegun gauean baietsi zuen Errusiak "hondamendi erradiologikotik oso gertu" ipini dituela Ukraina eta europar guztiak.