Mundua -

belgika

Pertsona bat atxilotu dute Bruselako terraza bat furgonetaz jo ostean

Mehatxuak Aztertzeko Koordinazio Organoak (OCAM) alerta terrorista igo du une batez, 2. mailatik 3. mailara, Belgikako hiriburuko zenbait "eremu sentikorretan", baina 2. mailara itzuli da handik gutxira.

Brusela erdigunean, furgoneta batek terraza bat aurretik eraman eta sei lagun zauritu ditu

00:29

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Belgikako autoritateek pertsona bat atxilotu dute ostiral honetan Amberesen, Bruselako erdiguneko terraza bat furgonetarekin jo duelako susmoan. Bruselako Fiskaltzak prentsaurreko batean adierazi duenez, sei pertsona arin zauritu ditu eta ihesari eman dio jarraian.

Ostiral honetako 12:50ak aldera izan da harrapaketa, eta horren ondorioz Mehatxuak Aztertzeko Koordinazio Organoak (OCAM) alerta terrorista igo du une batez, 2. mailatik 3. mailara (lau dira guztira), Belgikako hiriburuko zenbait "eremu sentikorretan", baina 2. mailara itzuli da handik gutxira, bertako hedabideen arabera.

Saint-Michel kalean izan da gertakaria, Adolphe Max bulebarrarekiko perpendikularra eta rue Neuvetik gertu, Bruselako arteria komertzial garrantzitsuenetako bat. Hortik ez oso urrun aurkitu dute ibilgailua, gidaririk gabe.

Philippe Close Brusela erdiguneko alkateak Le Soir agerkariari azaldu dionez, furgoneta "Saint-Michel kalean sartu da, bira eman du kale berean eta lokal bateko terrazarantz zuzendu da" baina, "zorionez, jendeak furgoneta saihestu ahal izan du".

"Ez dute zauriturik ospitalera eraman behar izan, baina zenbait pertsona shock egoeran gelditu dira", gaineratu du Closek.

Alkateak uko egin dio "ikertzaileen aurretik inolako ondoriorik" ateratzeari, nahitako harrapaketa izan den ala ez, baina onartu du ibilgailua "oso abiadura handian" zihoala eta "terrazarantz" zihoala.

Ondorengo prentsaurreko batean, Bruselako Fiskaltzako bozeramaile batek hedabideei jakinarazi die susmagarria arratsaldean zehar atxilotu dutela Anberesen, herrialdeko iparraldean, hiriburutik ordubetera.

Datozen orduetan galdekatuko du poliziak atxilotua. Fiskaliak azpimarratu duenez, "martxan da oraindik" harrapaketaren "nondik norako zehatzak" argitu ahal izateko. Izan ere, unera arte "zenbait aztarna daude zabalik" eta "oraindik ez dakigu susmagarriaren eragingarria zein izan den".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Brusela albisteak Europa bideoak Belgika argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak