Mundua -

nasa

Artemis misioak lehen aldiz bidaliko du emakume bat Ilargira, astrora egindako azken bidaiatik 50 urtera

Astelehen honetan abiatuko da Ilargirantz tripulatzailerik gabeko Artemis I misioa. 2024an gauza bera egingo dute Artemis II eta Artemis III misioek, tripulazioarekin oraingoan.

Astelehen honetan abiatuko da Ilargirantz tripulatzailerik gabeko Artemis I misioa. Argazkia: NASA
Astelehen honetan abiatuko da Ilargirantz tripulatzailerik gabeko Artemis I misioa. Argazkia: NASA
Ilargiaren esplorazioari berrekingo dio NASAk

01:15

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NASAk hasia du atzerako kontaketa astelehen honetan Ilargirantz aterako den tripulatzailerik gabeko Artemis I misioaren aireratzeko. Kennedy Zentro Espazialetik egingo du irteera, Floridan (AEB).

Larunbat honetan hasi zen atzerako kontaketa, asteleheneko jaurtiketa historikoa baino 46 ordu lehenago. Hala, NASAk Lurraren orbita baxutik haragoko bidaiei berrekingo die.

Estatubatuar espazio agentziak jakinarazi duenez, % 70eko aldeko baldintza meteorologikoak izango dira egun horretan, Jaurtiketa Espazialerako Sistemako suziria (SLS, ingelesezko sigletan), Orion ontzia erpinean duela, Kennedy zentroko 39B plataformatik jaurtitzeko, Cabo Cañaveralen (Florida).

SLS suziriaren (unera arte eraikitako idartsuena da, eta ia 100 metro neurtzen ditu) eta Orion kapsularen gaitasunak probatzeko balio izango du misioak, 42 eguneko eta 2,1 milioi kilometroko joan-etorrian zehar.

Hori izango da Artemis programak jaurtiko duen lehena. Hala, NASAk mende erdiko parentesia itxi nahi du, ordutik ez baita tripulaziorik izan satelite lurtarrean, eta urrutiagoko zeruertzak ere arakatu, Marte planeta tartean.

Floridako Turismo bulegoaren arabera, ikusmin handia dago eta 100.000 bisitaritik gora espero dira Floridako kostaldeko 115 kilometroetan zehar, Artemis I misioaren jaurtiketa ikusteko.

Asmoa da 2024rako NASAk Artemis II bidaltzea. Aurrekoaren ibilbide berdina egingo du, baina tripulazioarekin oraingoan, eta hurrengo urtean gauza bera egingo du Artemis III misioak. Gainera, azken horrek emakume beltz bat bidaliko du lehen aldiz Ilargira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea NASA albisteak Astronomia