Mundua -
Ukrainako gerra
Energia Atomikoaren Agentziako aditu-taldea Zaporizhian da zentral nuklearra ikuskatzen
Rafael Grossi IAEAko zuzendaria hedabideen aurrean agertu da zentralaren inguruan "jarduera militar handia" den arren, misio berezia ez dela geldituko baieztatzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren ikuskari taldea Zaporizhian da dagoeneko zentral nuklearra ikuskatzeko asmoz, egoera zein den bertatik bertara ikusteko, Energoatom agentzia nuklear ukrainarrak jakinarazi eta erakundeak berak baieztatu duenez.
Ukrainak Errusiako indarrei NBEren agentziako aditu-taldeak ezarritako bidearen gainean aire-erasoak egitea leporatu ostean iritsi da IAEA lantegira. Izan ere, Dimitro Orlov Energodarreko alkateak ziurtatu du "etengabeko bonbardaketak" izan direla goizeko lehen ordutik.
Rafael Grossi IAEAko zuzendaria hedabideen aurrean agertu da lehenago, zentralaren inguruan "jarduera militar handiagoa" izan den arren, misio berezia ez dela geldituko baieztatzeko.
Era berean, zentralaren egoerari buruzko lehen azterketa egin ondoren, lantaldearekin batera IAEAren presentzia iraunkorra bertab ezarri edo ez baloratuko duela adierazi du, "egoera egonkortzeko" eta "eguneratze erregularrak, inpartzialak eta neutralak eskaini ahal izateko".
IAEAko 14 adituk osatutako taldeak, Vienan egoitza duen NBEren agentzia nuklearrak, Zaporiyiako egoera ebaluatzea du helburu, Errusiako Armadak duela sei hilabete baino gehiago hartu zuena. Azken orduetan izandako bonbardaketek instalazioetan kalteak eragin ditu.
IAEAk hilabeteak daramatza hondamendi nuklear baten arriskuaz ohartarazten eta misio hori egiteko baimena eskatzen.
Gaur bertan, lantegiko erreaktoreetako bat gelditu behar izan dute, goizaldean bonbardaketa eta eraso gehiago izan baitira inguruko eremuan. Kievek eta Moskuk elkarri leporatu dizkiote erasoak, eta IAEAren misioa zentral nuklearrera iristea oztopatu zuten.