Mundua -

Ukrainako gerra

Energia Atomikoaren Agentziako ikuskariek "informazio garrantzitsua" bildu dute Zaporizhiako zentralean

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako ikuskari gehienak atera dira jada Zaporizhiako zentral nuklearretik. Alabaina, zenbait adituk han jarraituko dute datorren larunbata arte, gutxienez.

Zaporizhiako zentral nuklearra. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Zaporizhiako zentral nuklearra. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Zaporizhiako zentral nuklearra. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafael Grossi Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendariak jakinarazi du "informazio garrantzitsu ugari" eta "funtsezko elementuak" eskuratu dutela Zaporizhiako zentral nuklearrean egin duten lehendabiziko ikuskatzean, Energoatom Ukrainako energia operadoreak jakinarazi duenez.

Grossi arratsaldeko 18:00etan (Ukrainako ordua) atera da zentral nuklearretik. "Ordezkaritzako kide  gehienak berarekin batera joan dira", zehaztu du Energoatomek.

Instalazioan bost bat ikuskari gelditu dira eta, gutxienez, datorren larunbata arte egongo dira, material gehiago biltzeko asmoz.  

Bestalde, Ukrainako Gobernuak salatu du nazioarteko ikuskariek zentralera heltzeko erabili duten bidea bonbardatu duela Errusiako Armadak, goizean goizetik. "Bonbardatzeak etengabe burutu dituzte", ziurtatu du Dimitro Orlov Energodar udalerriko alkateak -bertan dago zentral nuklearra-.

Errusiak, berriz, agintari ukrainarrak nazioarteko adituen bisita oztopatzen saiatu direla salatu du eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua biltzea eskatu du.  

"Zaporizhiako zentral nuklearra bonbardatzen aritu dira eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako ordezkarien bisita zapuzten saiatu dira. Horregatik, hilaren 6an Segurtasun Kontseilua biltzea eskatu dugu", adierazi du Dmitry Polyanskiy Errusiako enbaxadorearen ondokoak Twitterren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra