Mundua -
Argentina
Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteordearen erasotzaileak deklaratzeari uko egin dio
Ikerketaren arabera, erasotzaileak, ezohiko arma bat izateagatik aurrekari penalak dituen 35 urteko brasildar batek, bere kabuz egin zuen atentatu saiakera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Fernando Andres Sabag Montielek, Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteordea hiltzen saiatu den gizonak, epailearen aurrean deklaratzeari uko egin dio, epaitegietako hainbat iturrik jakitera eman dutenez.
Ezohiko arma bat izateagatik aurrekari penalak dituen 35 urteko brasildarra da atxilotua. Telam albiste-agentziak zabaldu duenez, Polizia Federalaren egoitzan dago. Maria Eugenia Capuchetti epaileak eta Carlos Rivolo fiskalak gertaeraren nondik norakoak irakurri dizkiote atxilotuari, eta horri deklarazioa hartzen saiatu dira.
Atxilotuak, ordea, oftalmologo batek artatzea eskatu du, manifestari batek begian kolpea eman ziolakoan eta, geroago, deklaratzeari uko egin dio.
Dena dela, Argentinako presidenteordea hiltzen saiatu zen arma berea dela aitortu du (32 kalibreko Bersa markako arma bat), balak zituela eta tiro egiteko prest zuela.
Montiel bakarrik aritu edo konspirazio baten kide den argitu behar dute epaileak eta fiskalak. Helburu horrekin, segurtasun kamerekin atxilotuak egindako ibilbidea aztertzen ari dira ikertzaileak, baita bere sakelako telefonoa eta beste gailu elektronikoak, "La Nacion" kazetak aipatuta.
Hasierako informazioen arabera, erasotzaileak bakarrik jardun zuen, ikerketaren iturriek diotenez.