Mundua -

Erresuma Batua

Elizabeth II.ari agurra, egunez egun

Gaur, irailak 11, Balmoraleko gaztelutik Edinburgora eraman dute erreginaren hilotza; 6 orduko bidaia. Han izango da irailaren 13ra arte. Westminsterreko abadian, Londresen, irailaren 19an izango den Estatu-hiletak protokoloa itxiko du.

Elizabeth II.aren heriotza iragartzen duen Eskoziako kazeta baten portada. Argazkia: EFE
Elizabeth II.aren heriotza iragartzen duen Eskoziako kazeta baten portada. Argazkia: EFE
Elizabeth II.aren gorpua Balmoraletik atera da, eta Edinburgorako bidean da jada

0:35

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elizabeth II.a erreginari azken agurra egiteko egutegia zehaztu du Buckinghameko Jauregiak. Hori horrela, gaur hasi eta Westminsterreko abadian irailaren 19an izango den Estatu-hiletarekin itxiko dute. Hona hemen egunez egun zehaztuta:

IRAILAK 11

10:00etan (tokiko orduan) Balmoraleko gaztelutik atera da Elizabeth II.aren hilotza, eta Edinburgora abiatua da. 6 orduko bidaiaren ostean, arratsaldean iritsi da Eskoziako hiriburuko Holyrood jauregira.

280 kilometroko bidea egin du segizioak Aberdeenshire, Aberdeen, Angus eta Tayside herrietatik igaroz, besteak beste.

IRAILAK 12

Arratsaldean, zerraldoa Saint Giles katedralera eramango dute, prozesioz. Charles III.ak eta bere familiak parte hartuko dute. Behin katedralean, hil-kapera prestatuko dute eskoziar guztiek erregina agurtzeko aukera izan dezaten.

IRAILAK 13

Arratsaldean, hilkutxa Londresera itzuliko da: Edinburgotik Northolt aireporturaino, hegazkinez (Anna, Elizabeth II.aren alabarekin), eta errepidez, Buckingham Jauregiraino. Han, Bow Room aretoan jarriko dute zerraldoa.

IRAILAK 14

Kanoiak garraiatzeko gurdi batean eramango dute erreginaren gorpua Buckinghametik Westminster Jauregiraino, eta hil-kapera antolatuko dute Westminster Hallean (eraikin zaharrenean). Canterburyko artzapezpikuak (Eliza Anglikanoko primatuak) eta David Hoyle Westminsterreko deanek meza eskainiko dute, errege-familia bertan izanda.

IRAILAREN 15ETIK 18RA ARTE

Estatuko hil-kapera izango da. Elizabeth II.a agurtzeko milaka pertsona bertatik igarotzea espero da.

IRAILAK 19

Goizean, Westminster abadiara eramango dute hilkutxa, prozesioz (Westminster Halletik oso metro gutxira dago), eta Estatu-hileta egingo dute, 11:00etan (tokiko orduan).

Amaitutakoan, Wellington Arkura eramango dute erreginaren hilotza, eta handik Windsor gazteluko San Jorge kaperara, Londresko kanpoaldean. Erregina lurperatu aurretiko azken hileta-elizkizuna izango da orduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eskozia Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Elisabet II.a erregina Charles III.ari buruzko albisteak