Mundua -
ukrainako gerra
Errusiako dozenaka udal diputatuk babestu dute Putinek kargua uzteko eskaera
Dumari eskatu diote Kremlineko buruari goi-mailako traizioa leporatu diezaion, Ukrainan kanpaina militarra abiatzeagatik.
agentziak | eitb media
Errusia osoko 84 udal diputatuk (zinegotziak) babestu dute jada Vladimir Putin Errusiako presidenteak kargua uzteko eskaera publikoa. Dumari, diputatuen ganberari, alegia, eskatzen diote Kremlineko buruari goi-mailako traizioa leporatzeko, Ukrainan kanpaina militarra abiatzeagatik.
Eskaeraren alde azaldu diren diputatuen artean dira Moskuko eta San Petersburgoko zenbait kargu publiko, herrialdeko europar eremuko eskualdeetako eta Siberiako hainbat zinegotziz gain.
Dmitri Paliuga ekimenaren sustatzaileak eta San Petersburgon udal diputatu ere badenak Twitter bidez jakinarazi duenez, astearte honetan San Petersburgoko barrutiko auzitegi baten aurrean agertzeko deitu dute, ustez errusiar presidentearen ohorea urratzeagatik.
Paliuga eta zenbait kide Dumari zuzendu zitzaizkion joan den astean, Putini goi-mailako traizioa leporatu diezaion eskatzeko, "operazio militar berezia" abiatu izanagatik.
Putin Kremlineko buru gisa kargugabetzea du helburu eskaerak. 2000. urtean iritsi zen bertara eta, konstituzio erreformaren arabera, 2036ra arte mantendu liteke postu horretan.
"Gure iritziz, ukrainar lurraldeetan abiatutako operazio militar bereziarekin, Vladimir Putin Errusiako presidentearen ekintzetan badira Errusiar Federazioko Konstituzioko 73. artikuluak begiesten duen krimen baten zantzuak, goi-mailako traizioa, hain zuzen", nabarmendu dute.
Eskaeraren arabera, areriotasunen hasieratik, errusiar herritarrak hiltzen ari dira, ekonomia nazionalak okerrera egin du, eta inbertsore-ihesa eta aditu-ihesa gertatzen ari dira.