Mundua -

Bilera Txina-Errusia

Xi Jinpingek Putini eskatu dio arin aldatzen ari den mundu honetako lidergoa elkarrekin partekatu dezaten

Errusiako eta Txinako presidenteek bilera egin dute ostegun honetan Uzbekistanen. Putinek Xiri esan dionez, Errusiak estimatzen du "Txinako lagunek Ukrainako krisiarekin lotuta izandako jarrera orekatua".

Putin eta Xi Uzbekistanen bildu dira. Argazkia: EFE.
Putin eta Xi Uzbekistanen bildu dira
Xi Jinpingek mundu aldakor honetako buru elkarrekin izateko eskatu dio Putini

1:19

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako presidente Xi Jinpingek Vladimir Putin Errusiako presidenteari eskatu dio "elkarrekin izateko arin aldatzen ari den mundu honetako buruak", garapen egonkor eta ona erdiestea helburu. Bi liderrek ostegun honetan Uzbekistanen egindako bileraren testuinguruan (hain zuzen, Ukrainako krisia hasi zenetik egin duten lehen bilera presentziala izan da), Putinek Xiri esan dio Errusiak estimatzen duela "Txinako lagunek Ukrainako krisiarekin lotuta izandako jarrera orekatua".

"Mundu mailan gure garaian gertatzen ari diren aldaketa erraldoien aurrean, inoizko aldaketarik handienak ditugun honetan, prest gaude, Errusiako gure lagunekin batera, eredu izateko, munduko potentzietako bi garen heinean, arduratsuak izateko eta lidergoari eusteko. Horrela, azkar aldatzen ari den mundu hau garapen egonkorreko eta oneko ibilbidera eramango dugu", esan du Xik bileran, Samarkanda hirian.

Xik esan du Putin "aspaldiko lagun" duela, eta bi herrialdeen arteko aldebiko harremanak goraipatu ditu, bi potentziek nazioartean presio gero eta handiagoak jasotzen dituzten bitartean, Bloomberg albisteetako agentziak zabaldu duenez.

"Xehetasunak" inbasioaren gainean

Putinek Txinak Ukrainako inbasioaren gainean izandako jarrerari buruz esan du Errusiak ulertzen duela "galderak eta kezkak egotea, kontu horren gainean. Topaketan xehetasun osoz azalduko dugu gure jarrera, honetaz aurretik hitz egin badugu ere", gehitu du.

Halaber, Errusiako presidenteak berretsi du Moskuk errespetatu egiten duela "Txina bakarreko hastapena", eta gaitzetsi du "Ameriketako Estatu Batuek eta haren sateliteek Taiwango itsasartean gauzatutako probokazioak"; izan ere, tentsioak izan dira Pekinen eta Taipeiren artean, Interfax errusiar agentziak jaso duenez.  

Uzbekistanen Shanghaiko Kooperazioko Antolakuntzaren goi-bilera ari dira egiten, eta Putinen eta Xiren arteko bilera horren barnean egin dute. Xi lehen aldiz bidaiatu da atzerrira bi urte eta erdian. Errusiak eta Txinak, Ukrainako gerra hasi baino apur bat lehenago, "mugarik gabeko" laguntasuna dutela aldarrikatu zuten.

Inbasioaren hasieratik, Txinak Errusia babestu du, eta AEB eta NATO aurkeztu ditu arduradun gisa, "espantsionismo militarragatik". Bi herrialdeen arteko merkataritzak asko egin du gora; izan ere, Txinak inportazioak areagotu ditu, Moskuk izandako zigorrak tarteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur Txina argazkiak Errusia bideoak Vladímir Putin albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa