Mundua -

Gerra Ukrainan

Ukrainako gerrarako herritarren mobilizazio orokorra eskatu diote hainbat aliatuk eta aurkarik Putini

Ukrainan abian dagoen "operazio militar berezia" gerra bilakatu da, lider komunista baten esanetan, eta Errusia Batua alderdiko diputatu krimear batek ziurtatu du errusiar tropek ez dituztela helburuak gauzatuko mobilizazio orokorra ez badute deitzen. Kremlinek, oraingoz, baztertu egin du.

Jarkoveko merkataritza-gune bat. Argazkia: EFE.
Jarkoveko merkataritza-gune bat
Jarkoveko merkataritza-gune bat. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako gerrarako, herrialde horretan kanpaina militar nabarmen oldarkorragoa egite aldera, herritarren mobilizazio orokorra eskatu diote azken orduetan hainbat aliatuk eta aurkarik Errusiako presidente Vladimir Putini, errusiar tropek Ukrainako ekialdean atzera egin ostean. Hala, Ukrainan abian dagoen "operazio militar berezia" gerra bilakatu da, lider komunista baten esanetan, eta Errusia Batua alderdiko diputatu krimear batek ziurtatu du errusiar tropek ez dituztela helburuak gauzatuko mobilizazio orokorra ez badute deitzen. Kremlinek, oraingoz, baztertu egin du: "Orain, hori ez dugu eztabaidagai", adierazi du Dimistri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero egiten duen prentsaurreko telefonikoan.

Errusiako Armadak atzera egin du Jarkov ukrainar eskualdean, eta, ondorioz, berriro ere, hizpide dute Ukrainan borrokan dabilen errusiar Armadaren gizon-eskasia. Testuinguru horretan, Mijail Shemeret Errusia Batua alderdiko diputatuak ohartarazi du Errusiako tropek ezingo dituztela gauzatu otsailean, "operazio militar berezia" hasi zenean, zehaztutako helburuak, ez bada mobilizazio orokorra deitzen dutela. Zenbait adituk eta errusiar blogari militarrek ere hala diote.

Ramzan Kadirov Txetxeniako liderrak jeneral batzuek gerran zehar egindako akatsak kritikatu ditu, eta adierazi du prest dagoela frontera 10.000 gizon bidaltzeko. Errusiaren aldekoek esan dutenez, Jarkoven, ukrainar indarrak errusiarrak halako zortzi ziren, eta, hortaz, Errusiako Armadak atzera egitea erabaki zuen; erregaia eta hainbat ekipo militar utzi dituzte etsaiaren esku, hori eginda.

"Operazio militar berezia erabateko gerra bilakatu da"

Guennadi Ziuganov errusiar lider komunistak onartu egin du Ukrainako "operazio militar berezia" gerra bilakatu dela, eta, ondorioz, beharrezkoa da herrialde baliabide guztiak mobilizatzea: "Nazien, ultranazionalisten eta faxisten aurkako operazio politiko-militarra Ukrainan erabateko gerra bihurtu da; amerikarrek, NATOko herrialdeek eta Europar batuak deklaratu digute", esan du Ziuganovek Duman, alegia, Diputatuen Kongresuan.

Ziuganovek zehaztu du alde handia dagoela operazio berezi baten eta gerra baten artean: "Operazioa deklaratzen duzu eta eten egin dezakezu, baina gerra ezin duzu gelditu, hori nahi izanez gero ere. Amaieraraino joan behar zara. Bi emaitza posible ditu: garaipena, ala porrota", azpimarratu du. "Gerra batek erantzun jakin bat eskatzen du, eta indarrak eta baliabideak mobilizatzea eskatu egiten du. Gizartea kontsolidatu behar da, eta lege berriak onartu", azaldu du.

Berreskuratutako lurraldeak ziurtatzeko lanetan murgilduta dago armada ukrainarra
Berreskuratutako lurraldeak ziurtatzeko lanetan murgilduta dago armada ukrainarra
Berreskuratutako lurraldeak ziurtatzeko lanetan murgilduta dago armada ukrainarra

1:32

Ukrainako operazio militarra deskribatzeko, baina, "gerra" hitza erabiltzea zigortuta dago, Dumak martxoan onartutako legeari erreparatuta. Gauza bera gertatzen da "inbasio" hitzarekin. Horregatik, hainbat auzi abiatu dituzte.

Nolanahi ere, prentsaren arabera, Putinen iritzia da errusiar herritar gehienak ez daudela prest semeak Ukrainan borrokatzera bidaltzeko. Herritarren % 70ek babesten omen du, gehiago ala gutxiago, kanpaina militarra, eta % 18 horren aurka dago, azken ikerketa ofizialaren arabera.

Errusiak Jarkoven egindako atzera-egitea garaipen handia da, Ukrainaren iritziz; izan ere, milaka kilometro karratu berreskuratu ditu herrialde horrek. Errusiako Defentsa Ministerioak, aldiz, argudiatu du erabakiaren xedea izan dela Donbasseko posizioak indartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak Ukraina azken orduko Errusia argazkiak Vladímir Putin albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra Ukrainako presidentea