Mundua -
Etxe Zurirako bidea
Romney izango da errepublikanoen hautagaia AEBetako hauteskundeetan
Mitt Romney Obamaren aurkari ofiziala da jada. Errepublikanoen Konbentzio Nazionalean hautagaitza ziurtatzeko beharrezkoak diren 1.144 ordezkariren babesa gainditu du Texaseko primarietan.
Erredakzioa
Etxe Zurirako bidean nahitaezkoa den maila gainditu du Mitt Romneyk, errepublikanoen hautagaitza eskuratzeko beharrezkoak diren alderdiko ordezkarien babesa jaso du, eta hortaz, datorren azaroko hauteskundeetan Barack Obamarekin lehiatuko da.
Texasko primariak, 155 ordezkari banatzen ziren bertan, Romneyrentzako festa bihurtu dira, 91 ordezkariren babesa jaso du eta guztira alderdiko 1.066 ordezkari agertu dira bere alde egiteko prest, CNNk jakinarazi duenez.
Abuztuaren amaieran Floridan egingo den errepublikanoen Konbentzio Nazionalaren izendapena lortu ahal izateko beharrezkoak diren 1.144 ordezkariren babesaren maila gainditu du, bertan izendatuko da ofizialki hautagaia.
65 urteko enpresaburuak Etxe Zurirako garaipena lortzen badu AEBek izan duten lehen presidente mormoia izango da, hautagaitzaren helburua lortuta pozik agertu da.
"Gure alderdia azken hiru urte eta erdian izandako akatsak albo batera uzteko bildu da", adierazi du Romneyk ohar batean.
"Ez dut aurrean izango dugun egitekoaren zailtasuna gutxietsi nahi. Baina AEBei enplegurako eta oparotasunerako bidea itzuli arte ez naiz lasai geldituko", adierazi du.