Mundua -
asia
Zortzi milioi pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte Japonian, "aurrekaririk gabeko" tifoi baten ondorioz
Tokiko agintariek 5. mailako alerta ezarri dute, japoniar alerta eskalako mailarik altuena, alegia. Askotariko fenomeno meteorologikoek munduko zenbait txoko astindu dituzte azken orduetan.
agentziak | eitb media
3,7 milioi etxebizitzatako zortzi milioi pertsonak jaso dute, gutxienez, ebakuazio agindua Japoniako hegoaldean eta mendebaldean. Izan ere, 'Nanmadol' tifoiak astindu du herrialdea; "aurrekaririk gabeko" ekaitza, tokiko agintarien arabera.
Hain zuzen ere, Kiushu, Shikoku eta Chugoku eskualdeak daude ebakuazio agindupean. Orain arte, 33 zauritu zenbatu dituzte ekaitzarekin lotutako ezbeharretan, NHK telebista publikoak jakitera eman duenez.
Tokiko agintariek 5. mailako alerta ezarri dute, japoniar alerta eskalako mailarik altuena alegia, bai Kiushun bai Kagoshima eta Miyazakin. Azken bi eremu horietan, 55.000 etxebizitzatako 110.000 pertsona baino gehiago ohartarazi dituzte.
Japoniako Meteorologia Agentziak abisu berezia igorri du "aurrekaririk gabeko" tifoiaren aurrean; uholdeek, ibaien uhaldiek eta lur-jasek eragin dezaketen arriskua dela eta.
Kagoshima hiritik gertu zegoela ukitu du lurra ekaitzak, Kiushu uhartean, igandeko 19:00ak aldera. Japonia hegoaldean dagoen Chugokurantz joko du jarraian, orduko 20 kilometro inguruko abiaduran.
Tifoiak "aurrekaririk gabeko ekaitzak, olatu altuak eta itsaski ziklonikoak" ekar litzake, Japoniako Meteorologia Agentziak ohar batean adierazi duenez.
Era berean, askotariko fenomeno meteorologikoek munduko zenbait txoko astindu dituzte azken orduetan.