Mundua -

italiako hauteskundeak

Meloni, neofaxismotik boterera: bere gorakadaren gakoak

Italian ultraeskuinaren garaipena ezagutu ondoren, Fratelli d'Italia (FdI) alderdiaren eskutik, horren lider Giorgia Meloniren profila birpasatuko dugu, haren ibilbidean gako izan diren uneetan zehar.

Giorgia Meloni, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Giorgia Meloni, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Giorgia Meloni, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giorgia Meloni, 45 urteko ultraeskuindarra, Italiako lehen emakumezko gobernuburu bilakatzeko bidean da, Fratelli d'Italia (FdI) alderdiaren eta igande honetako hauteskundeetan nagusitu den eskuineko koalizioaren garaipen borobilaren ostean. Hala adierazi dute emaitzen lehen proiekzioek.

Hona hemen bere ibilbidean zehar gako izan diren zenbait une:

1977

Meloni Erroman jaio zen. Haren amak, Annak, bakarrik hezi behar izan zuen, Arianna ahizpa zaharrarekin batera, aitak abandonatu, eta Kanariar uharteetara (Espainia) bizitzera joan ondoren.

1992

15 urte dituela, Gazteriaren Frontean sartu zen, antzinako Italiako Mugimendu Sozialeko (MSI) gazte erakundea. 1946an sortu zuten alderdi neofaxista hori Benito Mussolini diktadore izandakoaren jarraitzaileek.

1996

Aliantza Nazionala (AN) alderdiko ikasle-mugimenduko arduradun eta MSIko aurpegi berri bilakatu zen. France 3 frantziar telebistako saio batean, honako hau adierazi zuen: "Mussolini politikari ona izan zen, egindako guztia Italiaren alde egin zuen".

1998

Erromako probintziako zinegotzi hautatu zuen Gianfranco Fini buru zuen ANk.

2004

Akzio Gaztea ANko gazte-sekzioko buru izendatu zuten, eta eskuineko gazte erakunde bateko lehen emakumezko presidente bihurtu zen horrela.

2006

ANko diputatu eta Diputatuen Ganberako presidenteorde izendatu zuten 29 urterekin.

2008

Silvio Berlusconiren Gobernu kontserbadoreko Gazteria ministro hautatu zuten, Errepublikaren historiako gazteena.

2012

Fratelli d'Italia (FdI) alderdia sortu zuen MSIren oinordeko berriak Berlusconiren alderdia utzi ostean. Dena den, aliatu gisa mantendu zuen, Matteo Salviniren Iparraldeko Liga subiranistarekin batera, 2013ko hauteskundeetarako.

2014

FdIko presidente bilakatu zen.

2016

Erromako alkategai aurkeztu zuen bere burua.

2018

Botoen % 4,3 eskuratu zuen hauteskunde orokorretan, eta herrialdeko bosgarren alderdi bilakatu zen FdI.

2019

Mitin batean egindako adierazpenek -"Giorgia naiz, emakumea naiz, ama, italiarra, kristaua, eta ez didate hori kenduko"- arrakasta hartu zuten gazteen artean, musika elektronikoarekin birmasterizatu ostean.

2021

Mario Draghiren batasun nazionaleko Gobernuaren aurkako oposizioko alderdi bakarra zen FdI.

2022

Ekainak 13

Vox Espainiako ultraeskuineko alderdiak Marbellan egindako mitin batean, bere ideal politikoa argitu zuen: "ez dago bitartekaritza posiblerik, baietz edo ezetz esan behar da. Baietz familia naturalari, ezetz genero ideologiari; baietz bizitzaren kulturari, ezetz heriotzaren amildegiari; baietz gurutzearen unibertsaltasunari, ezetz indarkeria islamiarrari; baietz muga seguruei, ezetz immigrazio masiboari".

Abuztuak 10

Hauteskunde kanpaina betean, bideo bat zabaldu zuen ingelesez, frantsesez eta gazteleraz, faxismotik aldentzeko: "hamarkadak dira Italiako eskuinak faxismoa historian utzi duela, demokrazia gabezia eta judutarren aurkako lege lotsagarriak anbiguotasunik gabe gaitzetsiz. Eta, jakina, agerikoa da nazismoarekiko eta komunismoarekiko gure gaitzespena".

Giorgia Meloni: ''Italiarrak batzeko gobernatuko dugu''
Giorgia Meloni: ''Italiarrak batzeko gobernatuko dugu''
Giorgia Meloni: ''Italiarrak batzeko gobernatuko dugu''

0:44
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Italiako albisteak Erroma albisteak Hauteskundeak Ultraeskuina