Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Ikerketa independente batek abusu sistematikoa azaleratu du AEBko Emakumezkoen Futbol Liga Profesionalean

Txostenaren arabera, hitzezko abusuak, abusu emozionalak eta jokabide sexual okerrak zabalduta daude futbol taldeen eta entrenatzaileen artean.

Ameriketako Estatu Batuetako futbol jokalariak 2019ko Munduko Futbol Txapelketan. Argazkia: EFE
Ameriketako Estatu Batuetako futbol jokalariak 2019ko Munduko Futbol Txapelketan
Ameriketako Estatu Batuetako futbol jokalariak 2019ko Munduko Futbol Txapelketan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako Emakumezkoen Futbol Liga Profesionalean, NWSL deiturikoan, urteetan abusu "sistematikoa" izan dela ondorioztatu du ikerketa independente batek. Are gehiago, egoera horren aurrean, Federazioak eta Ligak ez zieten futbolariei ingurune segurua eskaini. 

200 elkarrizketa egin ondoren, 300 orrialde baino gehiago dituen txostena egin du Sally Q. Yates bitarteko fiskal nagusi ohiak. Horren esanetan, "hitzezko abusuak, abusu emozionalak eta jokabide sexual okerrak sistemiko bihurtu ziren eta hainbat talde, entrenatzaile eta jokalariri eragiten zien".

Testuak iradokitzen du abusuaren sustraiak gazteen ligetan ere antzeman daitezkeela, hitzezko abusuak normalizatu egiten direla, eta entrenatzaileen eta jokalarien arteko mugak desitxuratu egiten direla.

Dena dela, ikerketaren arabera "are kezkagarriagoak dira sexu jokabide desegokiak": "Jokalariek kutsu sexual handia duten iruzkinak deskribatu zituzten, iradokizun sexualak, ukituak eta sexu harreman hertsatzaileak".

AEBko futbol jokalariek neurriak eskatu dituzte

AEBko futbolariek eta futbolari ohiek indarrak batu dituzte neurriak eta erabateko aldaketa eskatzeko.

NWSLko jokalarien sindikatuen hitzetan, "txostena irakurtzen zaila den arren, are mingarriagoa izan da bizi izan zuten jokalarientzat, ezagunak izan ala ez". "Eskertzen dugu egia bilatzeko egindako ahalegina eta NWSL eraldatzeko guk egindako lana babestea", gaineratu du sindikatuak. Halaber, hemendik aurrera "jokalarien segurtasuna" lehenetsiko duen liga izatea eskatu du.

Bestalde, AEBko selekzioko jokalarien elkarteak (USWNT Players) prentsa ohar batean adierazi duenez, futbolari guztiek "diskriminaziorik, jazarpenik eta abusuzko jokabiderik gabeko ingurune batean lan egitea merezi dute". Hori dela eta, neurriak berehala hartzeko eskatu dio AEBko Futbol Federazioari.

Ligak, bere aldetik, lehiaketaren "erreforma sistemiko bat" egiteko beharra azpimarratu du, "jokalariak babestuak egon daitezen, zelai barruan zein kanpoan, entrenatzeko eta lehiatzeko ingurune seguru eta profesionalekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola azken ordukoa Munduko albisteak gaur Ameriketako Estatu Batuak albisteak Genero indarkeriaren biktimak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Emakumeen kirola Sexu erasoak