Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Gutxienez 8 pertsona hil dira Kieven ekainetik izan diren lehen leherketetan
Azken orduetan, bonbardaketa gehiago izan dira Dnipron, Kharkiven, Lviven eta Zaporizhian ere. Gutxienez 11 pertsona hil, eta 64 lagun zauritu dituzte herrialde osoan. Ukrainako agintariek babeslekuetatik ez irteteko eskatu diete herritarrei.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hainbat leherketa izan dira gaur goizean Ukrainako hiriburuan, Kieven, eta gutxienez 8 pertsona hil, eta 24 lagun zauritu dira bertako agintariek zabaldutako informazioaren arabera.
Lehen balantze horrek Shevchenkiv barrutiko bonbardaketei egiten die erreferentzia. Ondoren, bigarren leherketa sorta bat izan da Kieven, Euskal Herrian 08:16 zirenean, baina orain arte, ez dago biktimei buruzko informaziorik.
Vitali Klitschko Kieveko alkateak salatu duenez, "jaurtigaiak hiriaren erdigunean erori dira", unibertsitate inguruan eta parke batean, esaterako. Hori dela eta, babeslekuetara joateko deia egin die hiritarrei. "Egon babesguneetan alarmak irauten duen bitartean. Premiazkoa ez bada, ez irten kalera. Auzoetan bizi direnak ez daitezela erdigunera joan. Kiev erdiguneko kaleak blokeatuta daude, larrialdi zerbitzuak lanean ari dira", azpimarratu du.
Ekainetik, Errusiak Ukrainako hiriburua bonbardatu duen lehen aldia izan da.
Erasoak Dnipron, Kharkiven, Lviven eta Zaporizhian
Azken orduetan, bonbardaketa gehiago izan dira Dnipron, Kharkiven, Lviven eta Zaporizhian. Gutxienez 11 pertsona hil, eta 64 lagun zauritu dira Errusiak gaur Ukrainan zehar egindako erasoetan, bertako larrialdietako zerbitzuek baieztatu dutenez.
Ukrainako Armadako jeneral batek Telegram sare sozialaren bitartez azaldu duenez, Errusiak 75 misil jaurti ditu, eta horietatik 41 aire defentsako sistemek bota dituzte.
Zaporizhian, gutxienez hiru bonbardaketa egin dituzte bost egunean, eta 40 pertsona inguru hil dira.
Bestalde, Ukrainako hedabideek berri eman dutenez, Dnipro hirian misilak jaurti dituzte.
Erasoen ondorioz, argindarrik eta urik gabe gelditu dira berriz Kharkiven. "Azpiegitura energetikoko instalazio bat jo dute", adierazi du Kharkiveko alkateak.
Errusiak bere erasoak areagotu ditu, hain zuzen ere, asteburuan Krimeako zubian izandako leherketaren ondorioz. Gertaera larunbatean jazo zen, eta hiru pertsona hil ziren. Errusiak Ukrainari egotzi dio erasoa.
Babeslekuetan egoteko deia egin du Zelenskik
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arabera, Errusia ukrainarrak mapatik desagertzeko ahaleginean ari dira. "Aire erasoen berri emateko alarmak etengabe entzuten dira Ukraina osoan. Misilak erortzen ari dira. Zoritxarrez, hildakoak eta zaurituak daude. Mesedez, ez utzi babeslekuak. Zaindu zuen burua eta maite dituzuen pertsonak. Eutsi diezaiogun eta indartsuak izan gaitezen", nabarmendu du agintari ukrainarrak.
Bestalde, Zelenski presidenteak salatu du Errusiak Irango droneak erabili dituela. "Goiz gogorra izan da", onartu du.