Mundua -

SUEDIA

Suediako kontserbadoreek gidatuko dute gobernu berria ultraeskuinaren kanpoko babesarekin

Eskuineko blokea nagusitu zitzaion zentro-ezkerrari iraileko hauteskundeetan. Lau alderdiren arteko akordioak ahalbidetuko du azken urteetan herrialdea gidatu duen Alderdi Sozialdemokrata agintetik kentzea.

Akordioa izenpetu duten lau alderdietako ordezkariak. Argazkia: EFE
Akordioa izenpetu duten lau alderdietako ordezkariak
Akordioa izenpetu duten lau alderdietako ordezkariak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ulf Kristersson kontserbadorea buru duen Alderdi Moderatuak gidatuko du Suediako gobernu berria, Alderdi Liberalarekin eta Alderdi Kristau Demokratarekin. Koalizioak gutxiengoan gobernatuko du, baina kanpotik, Suediako Demokratak eskuin muturreko alderdiaren babesa izango du.

Iraileko hauteskunde legislatiboetan, eskuineko blokea nagusitu zitzaion zentro-ezkerrari: 176-173. Magdalena Andersson Suediako jarduneko lehen ministro sozialdemokratak dimisioa eman zuen eskuinaren garaipena baieztatu ostean. Azken mendean, sozialdemokratak indar politiko nagusia izan dira Suedian. Azken hauteskundeetan ere lehen indarra izan ziren, baina ez zuten gobernatzeko adina babes lortu.

Alderdi Moderatuak, Alderdi Liberalak eta Alderdi Kristau Demokratak osatutako koalizioak gutxiengoan aginduko dute, baina ultraeskuinaren babesa izango dute kanpotik. Gobernuan ordezkaririk izango ez duten arren, ezinbestekoak izango dira gobernua bideragarri izateko.

"Gobernuak modu estuan lan egingo du Suediako Demokratak alderdiarekin, eta koordinazio bulego bat izango du Gobernuaren bulegoetan", azaldu du Ulf Kristersson kontserbadoreen buruzagiak.

Jimmie Akesson buruzagi ultraeskuindarraren buruak onartu du Gobernuan egotea gustatuko litzaiokeela, baina eragiteko duen gaitasuna nabarmendu du.

Suediako Parlamentuak astelehenean bozkatuko du lehen ministro berria

Gaur iragarritako akordioaren ondotik, itxuraz, Ulf Kristersson kontserbadorea aukeratuko dute Suediako lehen ministro berria izateko datorren astelehenean Parlamentuan egingo den bozketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Zer ari da gertatzen Europan? Alderdi politikoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Suedia gaur Hauteskundeak gaur Eskuin muturreko mugimenduak