Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Europar Batasunak Ukrainako Armadako soldaduak trebatzeko misio bat onartu du

Azarotik aurrera 15.000 soldadu ukrainar Europar Batasunean trebatzea da asmoa. Europar Batasuneko Atzerri ministroen bileran, Ukrainari beste 500 milioi euroko dirulaguntza ematea onartu dute.

Ukrainako presidentea soldadu batekin berriketan (artxiboko argazkia). EFE
Ukrainako presidentea soldadu batekin berriketan (artxiboko argazkia)
Ukrainako presidentea soldadu batekin berriketan (artxiboko argazkia). EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Atzerri ministroek bilera egin dute gaur Luxenburgon eta, besteak beste, onartu dute Ukrainako Armadako soldaduak trebatzeko misio bat abian jartzea, eta Ukrainari beste 500 milioi euroko dirulaguntza ematea. Azarotik aurrera Ukrainako soldaduak Europar Batasunean trebatzen hastea da helburua.

Abuztuan, dagoeneko, mahai gainean jarri zuten soldadu ukrainarrak Europar Batasunaren lurretan trebatzeko aukera, eta gaur berretsi egin dute erabakia. 15.000 soldadu ukrainar horietatik, 12.000k oinarrizko entrenamendu militarra jasoko dute. Entrenamendu saioak Europan egingo dira, Polonian, esaterako.

Estatu kideek, lehenbailehen, azaroaren erdialderako jarri nahi dute martxan misioa. Aurrez, ordea, xehetasun tekniko guztiak eta estatu kideek egindako ekarpenak zehaztu behar dituzte.

Bileraren atarian, Josep Borrell EBko Atzerri Politikako ordezkariak nabarmendu duenez, Errusia gerra galtzen ari da, eta Europak Ukrainari laguntzen jarraitu behar du.

Bestalde, armak erosteko, Ukrainari beste 500 milioi euroko dirulaguntza ematea onartu dute Europar Batasuneko Atzerri ministroek. Guztira, Ukrainako gerra hasi zenetik 3.000 milioi euro eman dizkio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? EB Ukraina Europa bideoak Errusia Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra gaur