Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Putinek gerra legea ezarri du irailean anexionatutako Ukrainako lurraldeetan, eta Kherson ebakuatzea agindu du
Gerra legea ostegunean sartuko da indarrean Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia eskualdeetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Vladimir Putin Errusiako presidenteak gerra legea ezarri du Errusiak irailaren 30ean anexionatutako Ukrainako lau lurraldeetan: Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia.
Dekretuaren arabera, gerra legea ostegunean sartuko da indarrean.
Senatuak gaur bertan onartuko du dekretua. Halaber, Putinek "edozein negoziazio proposamen" errefusatzea leporatu dio Ukrainari. "Tiroek jarraitzen dute. Jende errugabea hiltzen ari da", adierazi du.
Errusiak bere legeak eskualde okupatuetan aplikatzeko eskubidea aldarrikatzen du, nahiz eta lurralde horiek osorik ez kontrolatu.
Bestalde, Kherson eskualdeko agintari errusiazaleek zibilen ebakuazioa abiatu dute. Astebetean 50.000 eta 60.000 pertsona artean atera nahi dituzte bertatik.