Mundua -

UKRAINAKO GERRA: 8 HILABETE

Errusiak bonba zikinen balizko erabilerari buruz egindako akusazioak ukatu ditu Ukrainak

Gerra hasi zenetik 8 hilabete bete direnean, Ukrainak duela aste batzuk hasitako kontraerasoarekin jarraitzen du. Ukrainako iturrien arabera, tropa errusiarrak Khersonetik erretiratzen hasi dira.

Bonbardaketek kaltetutako etxebizitza eraikin bat Mykolaiv hirian. Argazkia: EFE
Bonbardaketek kaltetutako etxebizitza eraikin bat Mykolaiv hirian
Bonbardaketek kaltetutako etxebizitza eraikin bat Mykolaiv hirian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela zortzi hilabete hasi zen Ukrainako gerra, eta gaur-gaurkoz, bonba hotsak ez dira isildu. Azken orduetan, Errusiak Ukrainari egotzi dio bonba zikinak edo arma erradiologikoak erabiltzeko prestatzen ari dela. Ukrainako agintariek ukatu egin dituzte akusazio guztiak, eta uste dute Errusia aitzakia bila ari dela arma nuklearren erabilera justifikatzeko. Izan ere, Vladimir Putin Errusiako presidenteak behin baino gehiagotan mehatxatu du arma nuklearren mamuarekin.

Bonba zikinaren lehergarri nagusia dinamita da, baina perdigoiak edo hauts erradioaktiboa ere baditu. Leherketaren ondorioz, materiala inguruan barreiatzen da. Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak duela bi hamarkada ondorioztatu zuen arma erradiologiko baten "ondorio larrienak" izuari eta gizarte aztoramenduari lotutakoak izango liratekeela.

Frantziak, Erresuma Batuak eta Ameriketako Estatu Batuek uste dute Errusiak bonba zikinari buruz egindako salaketak "faltsuak" direla. "Inor ez litzateke engainatuko salaketa hau eskalada baterako aitzakiatzat erabiltzeagatik. Oro har, Errusiak eskalada bat egiteko edozein aitzakia errefusatzen dugu", adierazi dute aldeek ohar bateratu batean.

Gerra frontea

Ukrainak duela aste batzuk hasitako kontraerasoarekin jarraitzen du, eta pixkanaka-pixkanaka, lurraldea berreskuratzen ari da. Hori dela eta, Errusia ataka zailean dago, eta borrokan jarraitu edo Khersonetik erretiratu erabaki beharko du.

Mendebaldeko hainbat analistaren eta Ukrainaren arabera, tropa errusiarrak Khersonetik erretiratzen hasi dira. Aldi berean, eskualdeko zibilak ebakuatzen ari omen dira.

Ukrainako Indar Armatuen Estatu Nagusiak adierazi duenez, errusiarrak Charivne eta Chkalove herrietatik irten dira (Errusiak kontrolatzen duen Nova Kajovka hiritik 50 kilometro iparraldera).

Kherson galtzea kolpe gogorra litzateke Errusiarentzat; izan ere, ezinbestekoa da Krimeako penintsula anexionatuaren babeserako eta ur hornidurarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da munduan gaur? Ukraina albisteak Errusia albisteak Vladímir Putin Gaurko titularrak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Ukrainako presidentea