Mundua -

Iran

Mahsa Aminiren hilketa ezagutzera eman zuten bi kazetariak atxilotu dituzte

CIA inteligentzia agentzia estatubatuarraren entrenamendua jaso izana leporatu die Irango Gobernuak. Amini gaztea beloa gaizki jantzita eramateagatik atxilotu zuten eta, Poliziaren zaintzapean zegoela, jasotako kolpeen ondorioz hil zen.

Masha Amini gaztearen irudia, haren hilketa salatzeko pankarta batean. Argazkia: EFE
Masha Amini gaztearen irudia, haren hilketa salatzeko pankarta batean. Argazkia: EFE
Masha Amini gaztearen irudia, haren hilketa salatzeko pankarta batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken asteetan Iran astintzen ari den protesta oldea sustatzeko helburuz, AEBko CIA agentziaren entrenamendua jaso izana leporatu diete Irango inteligentzia zerbitzuek Mahsa Amini gaztearen auzia ezagutzera eman zuten bi kazetariei.

Aminiren atxiloketaz eta heriotzaz informatzen lehena izan zen Nilufar Hamedi kazetaria, eta ospitalean hartutako argazkiak argitaratu zituen lehendabizi. Elahe Mohammadi kazetariak, ordea, Aminiren hiletaren berri eman zuen.

Hamedik Shargh kazetarako egiten du lan, eta irailaren 21ean atxilotu zuten. Isolatuta dago eta, haren senarrak Twitter bidez salatu duenez, ez diete akusazio karguren berri eman. Bestalde, Hammihan egunkariko kazetaria da Mohammadi, eta irailaren 22an atxilotu zuten, haren etxean indarrez sartuta eta ordenagailua eta sakeleko telefonoa konfiskatuta.

Mahsa Amini, 22 urtekoa, irailaren 16an hil zen, Teherango Moralaren Poliziak hiru egun lehenago atxilotu ondoren, belo islamiarra gaizki jarrita zeramala iritzita. Familiak salatzen jarraitzen du Amini poliziaren zaintzapean zegoela jaso zuen jipoiaren ondorioz hil zela. Irailaren 16az geroztik, protesta oldea bizi du Iranek, Errepublika Islamiarraren amaiera aldarrikatzen den mobilizazioekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Indarkeria matxista Eguneko albisteak Albisteak Iran Mundu matxista Kazetaritza