Mundua -

EZBEHARRA

Gutxienez 141 pertsona hil, eta beste 60 zauritu dira Indian, zubi zintzilikari bat erorita

Lekukoek azaldu dutenez, 500 lagun inguru, emakumeak eta haurrak tartean, ari ziren zubia igarotzen erori denean. Gujarat Estatuan izan da tragedia, Indiako mendebaldean.

Morbiko zubi zintzilikaria, Machchhu ibaiaren gainean. Bideo batetik hartutako irudia.
Morbiko zubi zintzilikaria, Machchhu ibaiaren gainean. Bideo batetik hartutako irudia.
Zubi zintzilikari bat erori da Indian, 500 bat pertsona gurutzatzen ari zirela

1:56

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 141 pertsona hil dira, eta 60, zauritu —19 oso larri daude ospitalean— Indiako mendebaldean Gujarat estatuan, ibai baten gainean zegoen zubi bat erorita, bertako medikuek Times of India egunkariari jakinarazi diotenez. Gainera, 100 pertsona baino gehiago daude desagertuta.

Morbiko zubi zintzilikarioa duela lau egun ireki zuten zaharberritu ondoren. Machchhu ibaiaren gainean dagoen zubia eraikin historikoa da, eta Gujarateko Urteberri ospakizuna dela eta berrireki zuten.

Lekukoen arabera, 500 pertsona inguru, emakumeak eta haurrak tartean, ari ziren zubia zeharkatzen, erori denean.

Iturri horien arabera, dozenaka pertsona urpean geratu dira, eta baliteke batzuek hondakinen azpian harrapatuta jarraitzea.

Herrialdeko oposizioak Bharatiya Hanata (BJP) Gobernuko alderdia egin du istripuaren erantzule, ikerketa batzorde bat eskatu du, eta ziurtatu du zubiak ez zuela berrirekitzeko beharrezko udal baimenik.

Erreskate lanetara, gaur, besteak beste, Hondamendiei Aurre egiteko Indar Nazionala eta Indiako Armadako urpekariak batuko dira. Harsh Sanghavi herrialde horretako Barne ministroaren arabera, gau osoan zehar 200 pertsona baino gehiago aritu dira lanean erreskate operatiboan. Aurreratu duenez, Poliziak salaketa jarri du zubia berritzeko lanak egin dituen enpresaren kontra, nahi gabeko hilketa delitua egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak India Asia