Mundua -
BRASIL
Bolsonaroren aldeko kamioilariek Estatu kolpea eskatu dute, buruzagi ultraeskuindarrak mutu jarraitzen duela
Oraindik Brasilgo presidente denak ez du Lula da Silva zoriondu, eta bere porrota ere ez du publikoki aitortu. Bien bitartean, haren jarraitzaile ultraeskuindarrek herrialdeko hainbat errepide blokeatuta dituzte, eta kaosa eragiten ari dira; Estatu batzuek Polizia Militarra mobilizatu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidente hautatu eta ia bi egun igarotzear direla, Jair Bolsonarok mutu jarraitzen du. Ez du publikoki hitzik egin oraindik Brasilgo presidente den buruzagi ultraeskuindarrak; ez du bere porrota aitortu, ez eta bere aurkariaren garaipena ere. Bien bitartean, haren jarraitzaileak herrialdea hankaz gora jartzen ari dira, errepide nagusiak blokeatuta; Estatu batzuetako gobernadoreek Polizia Militarra mobilizatu dute, horren ondorioz.
Joan den igandeko hauteskundeetan, alde estuarekin irabazi zion Lulak (% 50,9) Bolsonarori (% 49,1). Emaitzok jakin zirenetik, isilik dago presidente brasildarra, eta horrek ezinegona zabaldu du herrialde osoan, aurrez esana baitzuen prozesua gardena ez bazen ez zituela emaitzak onartuko.
Orain arte, Flavio Bolsonaro —presidentearen semeetako bat— da publikoki hitz egin duen Brasilgo Gobernuko goi kargudun bakarra. Aitaren aldeko boza eman zuten herritarrei eskerrak eman dizkie, eta sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean ohartarazi du ez dutela amore emango.
Agertoki horren aurrean, Gleisi Hoffmann Langileen Alderdiko presidenteak dagoeneko esan du 48 orduko epean Bolsonarok ezer esaten ez badu, alde bakarrez hasiko dutela Gobernu aldaketarako prozesua. "Legez, 48 ordu ditugu trantsizioari ekiteko, eta Gobernuarekin hitz egiten hasteko", esan du. Lulak, dagoeneko, hainbat bilera eta elkarrizketa izan ditu mundu osoko agintari eta goi arduradunekin.
Bestalde, Bolsonaroren ehunka jarraitzailek herrialde osoko errepideak blokeatuta dituzte, hauteskundeetan iruzurra egon dela salatzeko. Hango Poliziak zabaldutako datuen arabera, gutxienez 250 barrikada jarri dituzte, eta hainbat estatutako sarrera eta irteerak itxita daude.
Egoera bideratzeko, Brasilgo Ministerio Publikoak 24 orduko epea eman dio Poliziari, errepideak bere onera ekartzeko neurriak ezartzen has dadin. Ikerketa zabaltzea ere ez du baztertu erakunde horrek, irizten badio Poliziak arazoa konpontzeko bere lana ez duela egin.
Protestari "Armadak esku hartzean" soilik emango diote amaiera
Matxinada horretako zenbait buruk sare sozialetan zabaldutako bideoen arabera, protestari "Armadak komunismoa bueltan egotea saihesteko esku hartzean" soilik emango diote amaiera. Editorial oso gogor batean, O Globo itzal handiko egunkariak "Kamioilarien Kapitolioa" izena eman dio; gogoan izan ditu Donald Trumpen jarraitzaileek 2021eko urtarrilean eragindako istiluak.
Gorte Gorenak agindua eman die segurtasun indarrei kamioilari kolpisten jarrera geldiarazteko; zigor ekonomiko eta espetxe zigor oso gogorrak izan litzakete, mehatxatu duenez. Hala, Estatu batzuetako gobernadoreek Polizia Militarra mobilizatzea erabaki dute, kontuan izanik hori euren mendean dagoela, eta ikusita Gobernuak ez duela esku hartzen, blokeoa eteteko. Auzitegi Goreneko epaile batek abala eman du Estatuko segurtasun indarrak lan horietan ibiltzeko, eta, baimen horren berri izanda, neurriak hartzen hasi dira.
Ildo horretan, Brasilgo Poliziak jakitera eman du ikertzen ari direla agente batzuk, kamioilarien protesta kolpistak babesteagatik. Wendel Benevides Errepideetako Polizia Federaleko korrejidore nagusiak prentsaurrekoan esan duenez, "hiru kasu" dituzte identifikatuta: bat, San Paulon; beste biak, Santa Catarinan.
"Horietan gabiltza lanean, eta beste batzuk egiaztatzen ari gara. Legea betetzea nahi dugu, eta ez dugu legez kanpoko ekintzarik babesten, ezta errepideak blokeatzea ere", ziurtatu du.