Mundua -

Ukrainako gerra

Bi hildako Polonian, NATOko herrialdean, Ukrainako mugatik gertu ustez bi misil erorita

Errusiako Defentsa Ministerioak "nahita eragindako probokaziotzat" jo du Mosku misilen inpaktuarekin lotzea. Bestalde, Pentagonoa zuhur agertu da Errusiak Polonian ustez egindako eraso baten ondorioei buruz, baina oraingoz ezin izan du baieztatu.

Bi hildako Polonian, Ukrainako mugatik gertu bi misil erorita. Irudia: EITB Media
Bi hildako Polonian, Ukrainako mugatik gertu bi misil erorita. Irudia: EITB Media
Bi hildako Polonian, Ukrainako mugatik gertu ustez bi misil erorita

00:22

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez bi pertsona hil dira Poloniako Przewodow herrian, Lublin probintzian, Ukrainako mugatik gertu, Radio ZET tokiko irratiak aurreratu duenez.

Irratiaren informazio estraofizialen arabera, baliteke Errusiako misilek ale-lehorgailuak jo izana Przewodown. Beste iturri batzuen arabera, misilen aurkako sistema ukrainarrek behera bota dituzten misil zatiak izan dira.

Lehenago, Marcin Lebiedowiczek, Przewodowtik 35 kilometro iparraldera dagoen Hrubieszowko suhiltzaileen bozeramaileak, baieztatu zuen herrian leherketak izan direla, baina oraindik ez dakigula zergatik.

Otsailaren amaieran Ukrainan gerra piztu zenetik Aliantza Atlantikoko kide den herrialde batek jasotzen duen lehen eraso zuzena izango litzateke. Errusiak beste eraso uholde bat egin du Ukrainako mendebaldean. Kieven, Leopolisen eta beste hainbat hiritan, erasoak izan dira nagusi, eta azpiegitura energetikoak izan dituzte helburu nagusi.

Gertakariaren harira, Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak Ministroen Kontseiluko Segurtasun Nazional eta Defentsa Batzordearen premiazko bilera deitu du, Piotr Muller Gobernuko bozeramaileak Twitterren aurreratu duenez.

Argazkia: EFE

Argazkia: EFE

Gainera, Varsovia NATOko eta Europar Batasuneko kideekin harreman etengabean dago. Iturri diplomatikoek baieztatu dutenez, harremanak maila guztietan gertatzen ari dira. "Funtsezkoa da gertatutakoa kontu handiz egiaztatzea", adierazi dute. Bestalde, Estoniako Atzerri Ministerioak esan du egoera "oso kezkagarria" dela.

Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak adierazi du EBko buruzagiekin harremanetan dagoela egoera aztertzeko. "Shock egoeran" dagoela gaineratu du Michelek, eta doluminak eman dizkie hildakoen senideei.

Errusiako Defentsa Ministerioak "nahita eragindako probokaziotzat" jo du Mosku misilen inpaktuarekin lotzea. "Poloniako komunikabideek eta funtzionarioek egindako adierazpenak nahita egindako probokazioa dira", salatu du Errusiako Defentsa Agentziak, TASS agentziak jakinarazi duenez.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak "ekintzarako" deia egin du Polonian "misil errusiarrekin egindako erasoari" erantzuteko. "Zenbat aldiz esan du Ukrainak estatu terrorista ez dela gure herrialdera mugatuko? Polonia, Baltikoko herrialdeak. Denbora kontua da errusiar izua haratago joatea. Terrorista bere lekuan jarri behar dute", esan du.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak esan du Aliantza Atlantikoa Poloniako leherketaren "jarraipena" egiten ari dela, eta "gertakari guztiak argitzearen" garrantzia azpimarratu du.

Pentagonoa, zuhur

Bestalde, Pentagonoa zuhur agertu da Errusiak Polonian ustez egindako eraso baten ondorioei buruz, baina oraingoz ezin izan du baieztatu.

AEBko Defentsa Saileko bozeramaileak, Pat Ryder brigadako jeneralak, prentsaurreko batean adierazi du bere herrialdea komunikabideetan agertutako informazio horiek ebaluatzen ari dela. "Ez dut daturik Poloniako lurretan misilekin bonbardaketa bat izan dela baieztatzeko", adierazi du Ryderrek.

Poloniaren aurkako erasoa baieztatzekotan AEBren erreakzioa zein izango litzatekeen galdetuta, bozeramaileak ez du hipotesien inguruko espekulaziorik egin nahi izan, baina bere herrialdearen "segurtasun konpromisoak" azpimarratu ditu, baita Aliantza Atlantikoaren V. artikuluarekin ere, defentsa kolektiboari buruzkoa.

"Argi eta garbi utzi dugu NATOren lurraldeko zentimetro bakoitza defendatuko dugula", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Polonia Zelenski albisteak Errusia argazkiak NATO bideoak